Kataluniako Auzitegi Gorenak plazaratutako auto baten arabera, haur bakar baten gurasoek klaseak gaztelaniaz jasotzeko eskatzen badute, gela osoak gaztelaniaz egin beharko du. Erabakia ez dutela beteko esan du Irene Rigau Generalitateko Hezkuntza kontseilariak.
Generalitateak du, hain justu, hezkuntza-sisteman bi hizkuntzen batez-bestekoa zehazteko eskumena.
"Ez dago talde osoaren hizkuntza aldatzerik, soilik ume batek hala eskatzen duelako", esan du Rigauk: "Sentitzen dugu gure eredua etengabe defendatzen aritu behar izatea, baina ez gara nekatuko". Autoaren kontra azaldu dira, era berean, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP alderdiak batetik; eta ehun elkarte inguru biltzen dituen Somescola.cat plataforma bestetik. PPk eta Ciutadans-ek, aldiz, erabakia txalotu dute.
Somescola.cat-ek bere webgunean paratutako oharrean dioenez, Kataluniako Auzitegi Gorenaren sententziak hezkuntza sistema "ezegonkortzea" du xede: "Eskoletan diskriminaziozko gatazkak daudela sinetsarazi nahi du". Zentzu horretan, plataformak dio ez dagoela gatazka linguistikorik, eta herritar ororen eskubideak hartzen direla aintzat.
Gaur egun, eskolak gaztelaniaz jaso nahi dituzten ikasleek arreta indibidualizatua jasotzen dute. Orain arte Kataluniako Auzitegiak errespetatu egin du murgiltze eredu hori. Aurten hamar ikastetxetako hamazapi familiak eskatu dute seme-alabei klaseak gaztelaniaz emateko.