argia.eus
INPRIMATU
Gehitu: “Sexu-orientazioarekin loturiko erasoek oraindik diraute”
  • Gehituk, Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak, sexu-orientazioaren inguruko aurreiritziak oraindik badaudela salatu du LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, eta horrek normatibo ez diren sexualitateak diskriminatzen dituela.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 28a
LGTB Harrotasun eguna Biarritzen. (Argazkia: Gehitu)

Gehituren esanetan, 2015ean 35 delituzko ekintza edo ekintza diskriminatzaile izan ziren EAEan sexu-orientazioaren inguruko aurreiritziengatik. Horregatik LGTBI kolektiboa gorroto erasoetatik babestuko duen legea aldarrikatu dute.

Transexualen kolektiboa oraindik patologiarekin lotzen dela salatu du elkarteak. Ez dago Espainiako Estatuan talde horren beharrak kontuan hartzen dituen legerik, ez hezkuntza ezta lan, osasun eta administrazio arloetan ere. Azpimarratu dute emakume eta gizonezko transexualek bizi duten errealitatearen inguruan informazio falta dagoela.

Hezkuntzari dagokionez, jarrera homofoboen irautea salatu dute, LGTBI ikasleen garapena kaltetu eta eskola-jazarpena bultzatzen baitu. 

Emakumeak okerrago

Lesbianen egoera gizonezko homosexualena baino kaskarragoa dela gaineratu dute, ikusgarritasunari dagokionez, eremu publikoan ohikoagoa baita gizonezko homosexualak ikustea emakumezkoak baino.  

Kirolari dagokionez, LGTBI kolektiboak tokirik ez duela salatu du Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak, eta gogoratu du Espainiako Estatuko arbitro gay batek dimisioa eman zuela jasan zituen etengabeko irainengatik.

Gauzak horrela, hausnarketara bultzatu du Gehituk, azken urteetan bikote homosexualen inguruan onartu diren legeek berdintasun formala ekarri arren gizartean berdintasunaren gailentzea zalantzan baitago oraindik.

76 herrialde homosexualitatearen aurka

Arlo honetan aurrerapausoak eman badira ere, oraindik homosexualitatea 76 herrialdek zigortzen dute, Amnesty International erakundearen arabera. Gainera, heriotza zigorra indarrean dago Afganistanen, Iranen, Saudi Arabian, Mauritanian, Yemenen, Sudanen, Nigerian eta Somalian.