Tamara Yague Confebaskeko presidenteak iragarri du gehiengo sindikalak deitutako martxoaren 20ko bilerara ez dela joango, eta gehitu du gutxieneko soldataz eztabaidatzeko markoa Espainiako Mahaia dela. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek EAErako gutxieneko soldata, 1.500 eurokoa, proposatzea adostua dute, eta martxoaren 20an patronalari aurkeztuko ziotela gogorarazi zuten martxoaren 13an emandako prentsaurrekoan. Sindikatuek kritikatu dute ordezkari politikoek zein patronalak uko egin diotela martxoaren 20ko bilera baino lehen proposamenaz hitz egiteari.
Yaguek martxoaren 14ko goizean egin ditu adierazpenak, gehiengo sindikalak bezperan prentsaurrekoa eman eta gero. Radio Euskadin esandakoak Berria egunkariak jaso ditu. Confebaskeko presidenteak iragarri du martxoaren 20ko bilerara ez direla joango, eta argudiatu du gutxieneko soldata propioa negoziatzeak “kolokan jarriko lukeela” enpresen lehiakortasuna. Yagueren ustez, 1.500 euroko proposamenak erakusten du sindikatuak “enpresen errealitatetik kanpo” daudela. Gaineratu du 1.500 eurora igotzeak gaur egungoa %27 igotzea esan nahiko lukeela, eta kopuru hori 2018tik %67 igo dela. Gaur egun 1.184 eurokoa da, Espainiako Gobernuak ezartzen duena. Yaguek gogorarazi du aurreko Lan Harremanen Kontseiluan, otsailaren 6an, egon zela Confebask, eta argi adierazi zuela ez zuela negoziatuko. Martxoaren 20ko bilerara begira ezer ez dela aldatu esan du.
Gehiengo sindikala kexu, patronalak uko egin diolako gaiaz hitz egiteari
Otsailaren 24an iragarri zuten sindikatuok gutxieneko soldata negoziatzeko mahai berri bat deituko zutela martxoaren 20rako. Dena den, data hori baino lehen, ordezkari politiko eta patronalekin gaiaz hitz egin eta eztabaidatu nahi zuten, modu pribatuan. Halakorik egiteko aukerarik ez dutela izan kritikatu zuten. Martxoaren 13ko prentsaurrekoan, sindikatuen bozeramaileek azaldu zuten Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Mikel Torres lehendakariordeari egindako hitzordu-eskariaren erantzunaren zain daudela. Gehitu zuten lehendakariak “patronalaren diskurtsoa erosi” duela eta soldataren negoziazioa “produktibitatearekin eta absentismoarekin lotu” dituela.
Adegi, CEBEK eta SEA patronalei ere eskua luzatu zieten eta esan zuten elkarrizketari ezezkoa eman ziotela. Sindikatuon iritziz, patronalak egoerak eskatzen duen mailatik “oso urrun” daudela ari dira erakusten, eta “herri honentzat estrategikoa den gutxieneko soldataren eztabaidari atea itxi” diote.
Gehitu zuten patronalak “herri honetako aberastasuna ez birbanatzea erabaki duela, Eusko Jaurlaritzaren babesa sentitzen duelako”. Jaurlaritzari eskatu zioten uzteko patronalari keinuak egiteari eta presionatzeko.
1.500 euroko gutxieneko soldata
Gehiengo sindikalak proposatzen du EAEko langile guztientzat urteko 21.000 euro gordineko soldata, alegia, hilean 1.500 euro. Helburu horretara bi urteko epean iristea proposatzen du. Diotenez, aberastasuna justuago banatzeko, eta soldata arrakalei eta pobreziari aurre egiteko jarri dute mahai gainean proposamena. Onuradun nagusiak emakumeak, langile migratuak eta arrazializatuak, aniztasun funtzionala duten langileak eta gazteak izango liratekeela azpimarratu dute.