argia.eus
INPRIMATU
Gehienez 30 laguneko elkarretaratzeak Ipar Euskal Herrian, irailaren 28tik goiti
  • Koronabirusa dela eta, "alerta zonaldea" sailkatu du Ipar Euskal Herria ere Frantziako Gobernuak. Hori horrela, birusari aurre egiteko neurri are gogorragoak gauzatuko dituzte astelehenetik goiti.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 24a

Olivier Veran Osasun ministroak plazaratu ditu koronabirusaren hedapenaren mapa eta aurre egiteko erabakitako neurri berrien zerrenda. "Alerta zonaldea" sailkaturik dira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi ere. Hori horrela, gogortuko dituzte espazio publikorako babes-neurriak astelehenetik goiti. Hala nola, 30 lagun baino gehiago batzen dituzten elkarretaratzeak debekaturik izanen dira Ipar Euskal Herrian. Adibide gisa, festak, ezkontzak, elkarteen ekitaldiak edota jai pribatuak zerrendatu ditu ministroak. Oraingoz, neurri hori da gehituriko bakarra, baina baliteke ondoko egunetan prefetak beste batzuk erabakitzea.

Azken datuei segi, Ipar Euskal Herria eta Biarnoa batzen dituen departamenduan 100.000 biztanleko 57,2 kutsatu daude –ezin jakin zehazki Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdirako–. Frantziako Estatu mailan, 100.000 biztanleko 95 kutsatu daude eta "egoera okertuz" doala zehaztera eman du Osasun ministroak.

Hiru zonaldetan sailkaturik

Sailkapen berriari segi, hiru maila daude: "Alerta zonaldea" –Ipar Euskal Herriak duena– zeinetan birusa presente den; "Alerta gogortua duen zonaldea" zeinetan birusa "azkarki badabilen"; eta okerrena, "Alerta goreneko zonaldea" zeinetan kutsatze hein altuagatik "osasun-sisteman ondorio gogorrak pairatzen dituzten".

100.000 biztanleko 50 kutsatu baino gehiago ukanez gero "Alerta zonaldea" sailkatua da departamendua. 150 kutsatutako heinera helduz gero "Alerta gogortua duen zonalde" bilakatzen da eta 250 kutsatutako heinera helduz gero "Alerta goreneko zonaldea" izatera; araberan, babes-neurri berriak gehitzen direlarik.