Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) aurkeztutako itzultzaile automatikoa "testu labur orokorrak itzultzeko tresna lagungarria izango da". Webguneak ere itzultzen ditu eta bertan nabigatu ahala itzuli egiten du.
"Tresna hau lagungarri izango zaizu testu laburrak eta webguneak gaztelaniatik euskarara itzultzeko. Beraz, laguntza-tresna bezala hartu eta kontuan izan emaitza beti gainbegiratu behar dela. Itzuli nahi den testua ondo idatzita egon behar da", dio webguneko oharrak.
"Askotan, euskarazko itzulpena zuzena izango da, edo ia zuzena, estilo kontuak alde batera utzita; beste batzuetan, ostera, euskarara egindako itzulpena zati batean bakarrik izango da zuzena. Hori ezinbestean da horrela, itzulpen automatikoaren arloan teknologiaren egoera ikusita. Kontuan izan behar da itzulpen automatikoko programa batek ez duela ulertzen itzultzen ari dena (gizakiak egiten duen moduan) eta egiten duena esaldien itzulpen mekanikoa dela", azaldu du HPSk.
2008an proiektua abian jarri zenetik orain arte 553.432 euro inbertitu ditu Jaurlaritzak (2008an 395.000 euro eta 2011n 158.432 euro).