Igande arratsean ehunka herritarrek elkarretaratzea egin dute herriko plazan, "Poliziaren gehiegikeria" salatzeko. Azpeitiko Udalak udaltzainei elkartasuna adierazi die, eta, aldiz, Ertzaintzaren esku hartzea "gehiegizkoa" izan zela esan du.
Larunbatetik iganderako gauean, goizaldeko 04:00ak aldera, Azpeitiko Gaztetxearen ondoan jazo dira gertakariak. Gaztetxean ospakizunetan ziren, 20. urteurrenaren testuinguruan. Gazte batek pilen edukiontzi batean ACAB leloa [All Cops Are Bastards edo "Polizia guztiak sasikumeak dira"] idatzi zuen errotulatzaile batekin, eta, gaztetxeak zabaldutako informazioaren arabera, identifikatzeko eskatu eta isuna jarri zioten ertzainek. Orduan, hainbat gazte "euren desadostasuna adieraztera" gerturatu ziren agenteengana, eta ertzainek, berriz, kalea itxi eta patruila gehiago bidali zituzten. Azpeitiko Udalak esandakoaren arabera, "ertzainek pintaketaren pertsona hori identifikatu eta Udaltzaingora jo zuten laguntza eske".
Gazte talde bat, geroago, Udaltzaingoaren egoitzara gerturatu zen. Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren esanetan, jarrera bortitzarekin bertaratu ziren, "agenteei eraso egin zieten", eta horregatik, errefortzuak bidali zituen Ertzaintzak. Gaztetxeak, dena dela, esan du ez zutela jarrera oldarkorrik izan, eta ez zutela komisaldegiko atea "indarrez bota" ere, zenbait hedabidek zabaldu duten gisan.
Istiluak izan ziren, eta pertsona bat atxilo hartu zuten, gaztetxearen arabera, "indarkeria handiarekin". Azkenean, pertsona hori askatzeko adostasunera heldu ziren. Bitartekari lanak egin zituen udaleko zinegotzi batek.
Gaztetxea: "Gazteen kontrako kriminalizazioa"
Ehunka herritar elkartu dira igande arratsaldean Azpeitiko plaza nagusian, gaztetxeak egindako deiari erantzunda. "Neurrigabeko operazio poliziala" salatu du gaztetxeak, eta Poliziak ez ezik, instituzio eta komunikabideek ere "gazteen kontrako kriminalizazio" kanpainak abiatu dituztela adierazi. "Txikikeria bategatik neurrigabeko operazio poliziala izan da", esan dute.
"Jazarpen poliziari aurre egin" eta "erasoen aurrean gogor eta tinko" mantenduko direla oihukatu zuten.
Udala: "Ez da onargarria segurtasun indarrek istiluak areagotzeko jarrera izatea"
Azpeitiko alkate Nagore Alkortak Guka tokiko komunikabideari jakinarazi dionez, udaltzainek "babes falta sentitu" zuten jende andana elkartu zelako haien egoitzaren atarian, eta horregatik eskatu zioten laguntza Ertzaintzari: "Adierazi nahi dugu gure Udaltzaingoa babestu nahi dugula, eta babesa adierazi nahi diegu atzo lanean ari ziren udaltzainei, baina gertaera horri lotuta esan nahi dut ertzainek neurriz kanpoko hedapena egin zutela".
Larunbat goizetik, alkatearen arabera, "ertzainen ezohiko presentzia" zegoen herrian. Horren arrazoiak argitu asmo ditu Udalak. Alkatearen ustez, "segurtasun indarrek istiluak areagotzeko jarrerak izatea ez da onargarria".
Jaurlaritza: "Bizikidetzaren aurkako gertakariak"
Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gertakariak gaitzetsi ditu: "Gure gizartean lekurik ez duten eta bizikidetzaren aurkako gertakari oso larriak dira, onartezinak". Elkartasuna adierazi die gau horretan bertan ziren udaltzain eta ertzain agente guztiei.
Polizien sindikatuak, Azpeitiko Udalaz kexu
Esan, Euspel eta Erne sindikatuek, bakoitzak bere aldetik egin badu ere, kexa adierazi dute Azpeitiko Udalaren adierazpengatik. Alkatearen eta udal gobernuaren "gaitzespen publikoa, argia eta anbiguotasunik gabe" eskatu du, besteak beste, Esan sindikatuak.
Euspel-ek, berriz, Azpeitiko Udaltzaingoaren egoeraz ere egin du salaketa: "Utzikeriaren, inprobisazioaren eta inbertsio faltaren ondorio da".
Erne sindikatuak, azkenik, material hobea eta "modernoa" eskatu du Azpeitiko udaltzain agenteentzat: "Herritarren segurtasuna mantentzeko, eta pertsona guztiek jai-guneez gozatzea bermatzeko, funtsezkoa da Euskal Poliziari material modernoak (taser pistolak), prestakuntza egokia eta giza-baliabide gehiago jartzea".