Udako oporrak gerturatu ahala, seme-alaben aisialdi eskaintzari begira jarri ohi da guraso asko. Bada, COVID-19ak baldintzaturiko garaiotan, Kataluniako hainbat monitore eta hezitzaile beldur dira ez ote den hango sare asoziatiboa ahulduko.
Directa agerkarian plazaratutako artikuluan hainbat punturi heldu dio Laura Roig kazetariak. Dioenez, aurtengo udari begira, data hauetan antolatu ohi diren ekintzak aurrera eraman ahal izango dira ziurrenik. Entitate pribatuek antolatzen dituzte aste gutxi irauten duten ekintza horietako asko eta, horiek, hein batean, betea izango lukete helburua. Aldiz, badira ikasturte osoa irauten duten egitasmoak, zeintzuk "zalantzaz" begiratzen dioten etorkizunari, Kataluniako asoziazio- eta hezkuntza- sarea ahultzen ari dela sumatzen dutelako.
Plataforma digitalak baliatuta hutsunea bete ahal izan dute neurri batean, baina ekintzak presentzialki egitea ezinbestekotzat dute. Beldur dira, pandemiagatik bi ikasturte "galduta", talde-lotura ahuldu ez ote den. Hori horrela, hainbatek garrantzia handiagoa eman(go) dio harremanak sendotzeari, ongi pasatzeari, talde-lana indartzeari... eduki pedagogikoari baino.
Beste puntu bat espazio publikoaren erabilerarena da. Pandemiak behartutako baldintzak (pertsonen artean 1,5 metroko espazioa...) direla-eta, sarri ez dute leku egokirik aurkitzen haien ekintzak aurrera eramateko. Administrazioei eskatzen diete azpiegitura publikoak haien esku jartzeko, eurenak nahikoa ez direnean gazteekin ekintzak egiteko. Zentzu horretan, Esplac aisialdi taldeen sareak elkarretaratzeak dietu zituen otsailaren 20an, "espazio seguruak" direla aldarrikatzeko.