Alde batetik bestera ibiltzen ziren, erne, itxura militarra zuen oro agurtzeko, baita hotel eta banketxeetako atezainak ere. Izan ere, atxilo zitzaketen, kargu altuagoko norbait ez bazuten agurtzen.
Bazterrak ezagutzen hasi zirenean, Riveiro ardo zurrutada ederrak edaten zituzten eta iluntzerakoan Lepanto jatetxean afaldu.
Marinel askok bisitatzen zuten taberna hura. Hogei pezetaren truke, patata frijituz betetako platerkada bat ematen zieten, gainean xerra bat eta bi arrautza zituztela. Behetik hasi beharra zuten jaten, ezer ez zedin eror.
Afaldu ondoren, Miguel tabernan, kafea , kopa eta purua, musean jokatzen zuten. Handik kuartelera bueltatzen ziren, gune militarreko horma erraldoia inguratuz.
Baina, lehen egunen ondoren, haietako batek bidetik atera zituen eta Frankoren jaiotetxea erakutsi zien. Aurrealdeko horman kaka-txaplastak eta plastikoak egoten ziren beti. Kaka hormaren aurka jaurtitzeko erabiltzen zituzten plastikoak.
Bataio berria:
Ferrolen oraindik hilabete ez zeramala, ostiral batean, kaian formatutako bi mila marinel baino gehiago isiltasun osoan zeudela, gure protagonistak estreinaldiko akats handia egin zuen.
"Ofizialordea astapotro baten moduan garrasi egin zion marinelari: 'Zapaldu egingo zaitut marinel, makal bat bezain luze eta ezdeusa zara'"
Egunero, ordu berean, kuarteleko inprentan lan egiten zuen neska pasatzen zen bera formatzen ari zen lekutik bi metrora. Emakume gazte eta txikia zen. Ez zuen nahi izaten inork ikusterik, eta horretarako bere urratsak soinurik egin ez zezaten ahalegintzen zen.
Ostiral batean, haren ondotik igarotzean, emakumeari zera xuxurlatu zion: “pinpilinpauxa baten modura ibiltzen zara”.
Protagonista ohartu ez zen arren, ofizialorde bat zuen alboan, eta hark ere entzun zituen hitzak. Hain zen handia isiltasuna.
Zigor Legeak izeneko ekintza amaitu zenean, ofizialordea astapotro baten moduan garrasi egin zion marinelari: “Zapaldu egingo zaitut marinel, makal bat bezain luze eta ezdeusa zara”.
Ez dago esan beharrik, arratsalde hartan, Lepanto jatetxean afaltzen ari ziren bitartean, Makalaren ingurukoak izan zirela berriketa eta txantxa guztiak.
Torrelavegako marinel batek proposatu zuen –‘Centollo’ deitzen zioten, beti gorri zegoelako- handik aurrera kuadrillak ‘Makala’ deitzea. Inork ez zuen kontra egin. Halaxe aldatu zioten izena gure protagonistari.
Egun batzuk pasa ziren eta asteroko guardia egitea egokitzen zitzaien egunean, ofizialordeak egindako mehatxuaren nondik norakoaz jabetu zen Makala.
Guardiako arduradunek behar zituzten marinel guztiak biltzen zituzten sollado-an -logela ikaragarri handia-. Ba Makala Lorategi kapitainarekin lan egitera bidaltzen zuten beti, hau da, komun liluragarri eta ugariak garbitzera. Hiru hilabeteko epean, aditu izatera iritsi zen gure Makala.