Nafarroara mugitu aurretik, Arabako Mendialdean saiatu zen Asier Ordoño gazte gasteiztarra lurretik bizitzen: “Amonaren baserrira joan nintzen lehenik, harekin bizitzeko eta ahuntzen proiektu bat martxan jartzeko asmoz”. Agroekologia ikasketak eginak zituen Arkauten, eta mendialdean lursaila eskuratzea zen haren asmoa. Amonarenean ez zuen lortu, ordea, eta azkenean, 2018an, Uharte Arakilen topatu zuen 2,7 hektareako lur zatia, berak abiatu nahi zuen proiekturako egokia. Baratzea, fruta arbolak eta oiloak ditu bertan, eta zuzeneko salmenta egiten du Sakanan eta Gasteiz inguruan.
Nekazaritza proiektua tabernari lanarekin uztartu zuen Ordoñok lehen urteetan. Aurtengo urtarrilean, ordea, taberna utzi eta buru-belarri sartu da ekoizpenean: “Iritsi nintzenean, hainbat espezietako 200 bat fruta arbol landatu nituen, beti ere bertako barietate zaharrak lehenetsiz”. 50 oilo ere baditu: “Oilategi mugikorra dut, eta hiru egunetik behin tokiz aldatzen dut, belarra freskoa eduki dezaten eta lurraren mikrobiologia potentziatzeko”.
Arrautzak saltzen ditu Ordoñok, eta horretarako, kutxa moduko bat prestatu du lursailaren iskina batean, jendea pasatzen denean arrautzak zuzenean har ditzan. “Hor uzten ditut dozenak prezioarekin, eta pote bat dirua uzteko. Oso ongi funtzionatzen du”, dio. Proiektuaren hirugarren zutabea, berriz, 1.200 metro karratuko baratzea da. “Hasieratik izan da nire asmoa produkzioa dibertsifikatzea, proiektua iraunkorra izan dadin”, dio. Hiru zutabe nagusi horiek bestelako jarduerekin uztartzen ditu. Esaterako, aurten, sendabelarrekin ukenduak ere egin dituzte bikotekideak eta biek.
150 oilotara pasatzea eta baratzeko ekoizpena handitzea da datorren urterako Ordoñoren asmoa, eta horretarako, proiektuan bigarren pertsona bat hartzea aurreikusten du. “Eskaria badagoela ikusita, eta lana eta bizitza pertsonala kontziliatzeko aukera izateko, proiektua beste pertsona bati zabaltzea da orain helburua”. Mezu bidez zabaldu zuen kide baten bila zebilela, eta harrituta gelditu zen jasotako erantzunarekin: “Jende askok deitu zidan, Gipuzkoatik, Iruñetik, Leitzaldetik, Sakanatik… jende gaztea halako proiektuetan sartzeko prest eta gogoz dago, baina arazoa da lurrerako sarbidea oso zaila dagoela eta burokrazia izugarria dela”.
Pixkanaka proiektua handitzen badoa ere, eredu txikian jarraitzeko asmoa du Ordoñok, agroekologiako printzipioen arabera lan eginez: “Zigilurik ez dut, baina Arkauten ikasitako moduan ari naiz lanean: laboreen txandakatzeak eta asoziazioak eginez, agroekologiako teknikak erabiliz”. Uraren aprobetxamenduari begira ere, diseinu hidrologiko oso bat egina dute lursailean. Sustraiak Habitat Designek diseinatutako teknika baten bidez, ureztatzeko urak aprobetxatzen dituzte.