argia.eus
INPRIMATU
Gazaren erabateko okupazioari ekin dio Israelek, eta egun bakarrean gutxienez 150 palestinar hil ditu
  • Maiatzaren hasieran iragarri ostean, Gaza erabat okupatzeko eta hango palestinarrak kanporatzeko plana martxan jarri du Israelgo armadak. Zerrendan jada hasiak dira ofentsibaren ondorioak pairatzen: azken 24 orduetan eginiko erasoetan, Israelek gutxienez 150 palestinar hil ditu. Hamaseko eta Tel Aviveko ordezkariek berriz abiatu dituzte su-etenerako negoziazioak.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 19a
Gazan bizi diren bi milioi palestinarrek jasaten dute gosetea. Ramadan Abed /Reuters

Israelgo Segurtasun Kabineteak Gazaren aurkako lurreko erasoaldia gogortzeko plan bat onartu zuen maiatzaren hasieran, zerrendaren erabateko okupazioa eta han bizi diren palestinarren garbiketa etnikoa xede dituena. Bada, ostiralean Israelgo armadak iragarri zuen martxan jarri duela ofentsiba hori, eta Gazan horren ondorioak pairatzen hasiak dira jada: Gazako Osasun Ministerioko zuzendari Munir al Barshen arabera, azken 24 orduetan gutxienez 150 palestinar hil ditu Israelek; 2023ko urriaren 7an zerrendaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik izan den egun odoltsuenetako bat izan da.

Al Jazeera telebista kateak jakinarazi du ordu bakarrean Israelek Gaza hegoaldeko Khan Younis hiriari 30 aldiz eraso egin diola airetik. Hain zuzen, Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak astelehenean adierazi die hiri horretako palestinarrei euren bizilekuetatik alde egiteko, aire eraso gehiagoren mehatxupean: "Une honetatik aurrera, Khan Younis borroka eremu arriskutsua izango da". Gainera, azken hori ez da izan Tel Avivek egin duen ohartarazpen bakarra: igandean armadak zerrenda erdialdeko Deir al-Balah hiriaren hegoaldeko auzoak hustea agindu zuen.

Israelek azken orduetan Gazaren aurka eginiko ekintzek kezka eragin dute nazioartean. NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterresek, esaterako, Israelgo armadak abiatutako lehorreko ofentsibak "larritzen" zuela adierazi zuen ostiralean, Arabiar Ligak Bagdaden antolatutako goi bileran egindako agerraldian. Hain zuzen, arabiar herrialdeen arteko goi bilera horretan Irakeko lehen ministro Mohammad Xia al-Sudanik zera iragarri zuen: funts bat sortuko dute gerren eta krisien ondorioz suntsitutako lurraldeak berriro eraikitzen laguntzeko, eta horren lehen helburua Gaza eta Libano berriz eraikitzeko 40 milioi dolar jartzea izango litzateke.

Su-etena adosteko negoziazioak, berriz martxan

Hamaseko eta Israelgo ordezkaritzak Gazarako su-etena adosteko Dohan elkartu dira asteburuan, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek eta erakunde islamistako goi kargu Taher al-Nonok jakinarazi dutenez. Urtarrilean bi aldeek menia akordio bat sinatu zuten, Israelen eta Hamasen gerraren behin betiko amaiera lortzeko balio behar zukeenak, baina martxoaren 18an Tel Avivek menia hautsi eta egun bakarrean gutxienez 500 palestinar hil zituen. Katzek adierazi du erakunde islamistak eskatu duela bake negoziazioei berriz ekitea, eta gehitu du Gazan ez dagoela laguntza humanitarioaren beharrik.

Haatik, Israelgo Defentsa ministroaren adierazpenak gezurtatu ditu Elikagaien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Sistema Integratua elkarteak argitaratutako azken txostenak: gosetea bost mailatan sailkatzen ditu elkarte horrek, eta txostenaren arabera, Gazako bi milioi palestinarrak hirugarren mailatik gora daude, hau da, Krisia edo okerragoa gisa sailkaturiko mailatik gora. Horietatik, 470.000 lagun Sarraskia deituriko fasean daude.