Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak igandean esan du erasoek “behar bezain beste” iraungo dutela Gazan. Hamar eguneko su-etena asteartean amaitu zenetik 88 palestinar eta lau urteko ume israeldar bat hil dira.
“Helburuak lortu arte jarraituko du operazioak. Denboran luzatu daiteke”, adierazi du Netanyahuk. Lau urteko ume israeldarraren hilketak ondorio larriak izango dituela jakinarazi du ere: “Ez dago eta ez da egongo immunitaterik Israelgo herritarrei eraso egiten dionarentzat”.
Asteburuan Israelek 87 aldiz eraso dio Gazari eta 23 palestinar hil ditu. Gazatik 50 suziri jaurti dira eta horietatik 47k Israelen lurra jo dute, Israelgo armadako bozeramaileak jakinarazi duenez.
Egiptok negoziazioei berriro ekiteko gonbitea luzatu die
Abdel Fattah al-Sisi Egiptoko presidentea eta Mahmoud Abbas presidente palestinarra larunbatean bildu ziren. Ondoren, Egiptoko atzerri-ministerioak su-eten iraunkorra lortzeko negoziazioei berriro ekiteko eskatu zien.
“Su-etena abiatu bezain laster bi aldeak bakoitzaren eskaerak eztabaidatzera eser daitezke”, adierazi du Abbasek. Aurreko negoziazioetan bezala, Palestinako ordezkaritzan Hamaseko kideak ere izango direla berretsi du.
Uztailaren 8an erasoak hasi zirenetik 2.100 palestinar baino gehiago eta 68 israeldar hil dira. 460.000 pertsona inguruk beren etxetatik ihes egin behar izan dute Gazan.