argia.eus
INPRIMATU
Gazarako Martxan parte hartu behar zuten herritarrak atxilotu dituzte, eta dozenaka deportatu
  • Ekainaren 13an hasi behar duen Gazarako Martxako partaideak atxilotzen ari da Egiptoko Polizia, tartean hainbat euskaldun. Israel Gazan egiten ari den sarraskia salatu eta korridore humanitario bat ireki dadila eskatzeko abiatu dute ekimena mundu osoko 3.000 herritarrek. 

ARGIA @argia 2025eko ekainaren 12a
Martxako partaideetako batzuk Democracy Now

Gazara iritsi nahi duen mundu martxa lehen oztopoak izaten ari da hasi aurretik, Kairon bertan. Antolakuntzak azaldu duenez Aljeria, Tunez, Alemania, Maroko, Australia, Frantzia, Turkia eta beste hainbat herrialdetako kideak atxilotu ditu jadanik poliziak, batzuk hoteletan, beste batzuk aireportura iritsi orduko. ARGIAk jakin duenez, tartean hainbat euskaldun daude.

Azken informazioen arabera, 13:00etarako bi euskal herritar behintzat askatu dituzte, eta Kairora bueltatzeko baimena eman. Askatu berritan, ARGIAri adierazi diote haiek ondo daudela baina Poliziaren tratua txarra izan dela eta atxilotu batzuen aurkako "jipoi handiak" ikusi dituztela. Beste euskal herritar bat gutxienez deportatu egin dute, 11:00ak aldera. Beste herrialdeetako militanteekin neurri ezberdinak hartu dituzte, batzuk, esaterako, Turkiara kanporatu dituzte, dozenaka dira deportatutakoak: aljeriarrak, marokiarrak, alemaniarrak, belgiarrak, norvegiarrak...

Antolatzaileek Egiptoko agintariei eskatu diete atxilotuak lehenbailehen askatzeko, nazioarteko ekimenak Gazako blokeoa hautsi eta han bizi duten "krisi humanitarioa" amaitzea bilatzen duelako: "Horrek bat egiten du Egiptok sarritan adierazi izan duenarekin" dio antolakuntzak urgentziazko komunikatu batean. "Mugimendu global baketsu hau babesteak bere posizioa indartuko luke, korridore humanitario bat sortzeko aktore giltzarri bezala".

Antolatzaileek Egiptoko agintariei eskatu diete atxilotuak lehenbailehen askatzeko, nazioarteko ekimenak Gazako blokeoa hautsi eta han bizi duten "krisi humanitarioa" amaitzea bilatzen duelako

EFE agentziari Egiptoko segurtasun nazionaleko kide batek esandakoaren arabera, baina, Egiptok martxa hori eragozteko asmoa dauka. Herrialdera iristen diren autobusei ez diete muga igarotzen utziko, eta turismo enpresei ere ohartarazi diete parte hartzaileeak haien artean nahasi ez daitezen. Gainera, iturri horren arabera, "aktibisten edo konboietako kideen elkarretaratzeak" debekatzeko agindua jaso dute.

Gazarako Martxarekin Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu eta korridore humanitario bat sortzea dute helburu parte hartzaileek. 82 herrialdetako 3.000 lagun baino gehiago daude ekimenean izena emanda, eta horietatik 30-35 inguru euskal herritarrak dira. Ekainaren 12an hastekoa zen martxa Kairotik, gero Egiptoko Al Arish hiritik Sinaiko penintsula gurutzatu eta Gazako Rafahko mugaraino iristeko.