Egiptoko Poliziak militante ugari atxilotu ditu ostiralean, eta hainbat zauritu eragin, protesta oztopatzeko saiakeratan. Nazioarteko martxaren antolatzaileek adierazi dute aurrera jarraituko dutela, eta datozen orduetan erabakiko dituzte hurrengo pauso zehatzak.
Estatu sionistaren eta Iranen arteko tentsio gorakadak eskualdeko gerraren arriskua areagotzen duen bitartean, Egiptoko Gobernua indarkeriaz oztopatzen ari da Gazarako martxa. Ia 4.000 pertsona daude Kairon eta inguruetan, Rafahra abiatzeko moduak bilatzen. Baina al-Sisiren gobernuak, Israelen presiopean, debekatu egin du martxa, eta hainbat modutara egin die presio 80 herrialde baino gehiagotatik etorritako aktibistei, ez daitezen mugara hurbildu. Atxiloketak, jipoiak eta deportazioak ugariak izan dira azken egunetan. Errepresioa eta debekuak Egiptotik harago ere badoaz. Gazarako martxarekin koordinatuta Tunisiatik Gazara abiaturiko ‘Al Soumoud’ auto-karabanara milaka lagun bildu dira, baina Libian geldiarazi zituen bertako Poliziak.
Atzo ziren ateratzekoak Gazara martxako partaideak Kairotik al-Arish hirira bidean, handik oinez egiteko Rafahko pasabidera dauden 50 kilometroak. Egiptoko Gobernuaren kontrolak saihestu nahian, martxaren antolakuntzako kideek parte hartzaileei eskatu zieten, antolatutako autobusetan irten beharrean, beren kasa eta talde txikietan ateratzeko Kairotik, taxietan edo autobus txikietan, adibidez. Ondoren, behin Kairotik urrunduta, berriz elkartzea zen asmoa, eta azken prestaketak egin ostean Rafahra bidean jartzea, presio egitera genozidioa bukatu eta laguntza humanitarioa sartu dadin.
Kontrol gogorrak errepidean
Baina Egiptoko Gobernuak kontrol ugari zituen jarrita errepidean. Militante gehienak, bi mila inguru zenbait iturriren arabera, gelditzea lortu zuten. Tartean hainbat pertsona atxilotu, kolpatu eta zauritu zituzten, martxaren antolatzaileek salatu dutenez. Dozenaka batzuk besterik ez omen ziren heldu aurrez ezarritako elkargunera. Euskal Herriko ordezkaritzako hainbat kide ere gelditu zituzten errepidean, batzuei pasaporteak kendu zizkieten ordu luzez, edo herrialdea utzi zezaten presionatu zituzten.
Poliziarekin liskarrak izan ziren kontroletan. Hainbat militantek eserialdi baketsuak egin zituzten protesta gisa, eta Polizia haien aurka oldartu zen. Azkenerako, tentsio gorakada ikusita, antolakuntzako kideek beraiek eskatu zieten parte hartzaileei Kairora itzuli zitezela, “manifestarien segurtasuna lehenetsi” asmoz. Gauean zehar aktibistak Kairora itzultzen joan dira, “batzuk haien pasaporterik eta telefono mugikorrik gabe”.
Larunbatean plazaratutako idatzi batean, Global March to Gaza ekimeneko antolatzaileek presioa egiteko deia egin diete herritarrei, eta martxarekin aurrera egingo dutela iragarri. “Israelek jarraitzen duen bitartean Gaza bonbardatzen, bertako biztanleak exekutatzen eta laguntza humanitarioa blokeatzen, Gazarako Mundu Martxak aurrera jarraituko du modu baketsuan, ikusgarrian eta batuan”. Artikulu hau idazterako orduan bilduta jarraitzen dute ordezkaritza ezberdinek Kairon, datozen egunetarako pausoak zehazteko.
Euskal Herritik elkartasuna
Euskal Herrian elkartasun keinu ugari izan dira egunotan Palestinarekin, eta iganderako Bilbon elkarretaratze berri bat antolatu dute, 12:30ean plaza Zirkularrean, Gazara martxarekin bat, Palestina askatu lelopean. Euskal Herritik joandako Agus Gorbea deportatu egin zuen Egiptok, aireportuan bertan atzemanda, beste kide batzuekin batera herrialdean sartzekoak zirenean. Baina euskal ordezkaritza zabal batek han jarraitzen du oraindik, eta gogorarazi dute, orain arte egin bezala, begirada Palestinan jarri behar dela. “Blokeoa apurtu, laguntza humanitarioko kamioiak pasa daitezen, eta Israelekin harreman oro eten. Genozidioa bukatzeko herritarrok antolatu behar dugu”.