argia.eus
INPRIMATU
Gazara iristen saiatuko da berriro ere Askatasunaren Ontzidia udaberrian
  • Palestinarrei babesa emateko asmoz eta Israelen blokeoa salatzeko, Gazara bidean jarriko da bosgarren urtez jarraian Askatasunaren Ontzidia, udaberrian. Hainbat elkartek eta ekintzailek parte hartzen dute ekintza solidario honetan.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 25a
Estelle ontzia Donostiako kaian, 2012an.

Ekintzan parte hartzen duten taldeen kanpainetan lortutako diruarekin finantzatzen da ontzidia . Espainiako Estatuan Rumbo a Gaza taldeak hartzen du parte Askatasunaren Ontzidian eta Internet bidez dirua lortzeko kanpaina martxan jarri du.

“Israelek duen inpunitatea salatzen jarraitu behar da, ez baititu errespetatzen nazioarteko legedia eta giza eskubideak”. Ekimenean parte hartzen duen Laura Arau ekintzailearen ahotik jaso du La Directako Pablo Fabregat kazetariak Askatasunaren Ontzidiaren 2015eko helburua.

2010eko erasoa gerra krimena izan zen

Gazara 10.000 tona laguntza humanitarioa zeramatzaten Askatasunaren Ontzidian 2010eko maiatzean. Flotari eraso egin zion Israelgo itsas armadak eta hamaika zauritu eta 19 lagun hil zituen. Eraso hori gerra krimena izan zela ebatzi zuen 2014eko azaroan Nazioarteko Zigor Auzitegiak(NZA).

Hala ere, Axier Lopez ARGIAko kazetariak Begizta blogean idatzi zuenez, auzitegiak ez zuen ikerketa formalik abiatu, haien esanetan, NZAk epaitzeko moduko larritasuna ez zuten gertaerak zirelako.

Askatasunaren Ontzidiko Estelle ontzia Donostian izan zen 2012an. Jarraian bideoa: