Gazako gerra amaitzea helburu, Etxe Zuriak 20 puntuko proposamena aurkeztu du. Besteak beste, Trump bera buru duen batzorde batek ikuskatuko lukeen trantsiziozko gobernua aipatzen da. "Beste kide eta estatuburu batzuek osatuko lukete batzorde hori, Erresuma Batuko lehen ministro-ohi Tony Blair-ek tartean.
"Egun handia da zibilizazioarentzat", adierazi du AEBetako presidente Donald Trumpek, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin emandako prentsaurrekoan. Dokumentua "mundu osoak" onartu duela esan du Trumpek, eta gaineratu: "Hamas soilik falta da, eta sentipena daukat erantzun positiboa emango duela". Hamasek horrelakorik egingo ez balu, "lana bukatzearekin" mehatxu egin du Netanyahuk, eta Trumpek berretsi du horretarako AEBen "babes osoa" izango lukeela. "Hamasek onartuko balu, bahituak 72 orduko epean libre geratuko lirateke", esan du AEBetako presidenteak.
Akordioa, aldiz, Hamas kontuan izan gabe adostu dute, zeinak adierazi duen sakon aztertuko duela erantzuna eman baino lehen. Haaretz hedabideak jakinarazi duenez, Qatar eta Egiptoko goi-karguak dagoeneko bildu dira Hamaseko ordezkariekin Dohan. Bien bitartean, Hamaseko goi kargu Taher al-Nounok esan du ez dutela Israelek exijitutako desmilitarizazioa onartuko: "Plan hau osatzeko inor ere ez zen gurekin harremanetan jarri, eta ez dugu negoziazioetan parte hartu".
Dokumentuak jasotzen dituen 20 puntuak, hitzez hitz itzuliak:
1.- Gaza izango da eremu deserradikalizatua eta terrorismorik gabea, eta ez da mehatxu izango bere bizilagunentzat.
2.- Gaza bere biztanleriaren onerako berreraikiko da, dagoeneko nahikoa sufritu baitu.
3.- Bi aldeek proposamen hori onartzen badute, gerra berehala amaituko da. Israelgo indarrak, bahituak askatzeko adostutako gunera erretiratuko dira. Denbora horretan, operazio militar guztiak etengo dira, aireko eta artilleriako bonbardaketak barne, eta borroka-lerroak izoztuta geratuko dira, guztiz erretiratzeko –etapaka– baldintzak bete arte.
4.- Israelek akordio hau publikoki onartzen duenetik 72 orduko epean, bahitu guztiak, bizirik daudenak zein hildakoak, itzuli egingo dira.
5.- Bahitu guztiak askatu ondoren, Israelek biziarteko kartzela-zigorra duten 250 preso askatuko ditu, baita 2023ko urriaren 7aren ondoren atxilotu zituzten 1.700 gazatar ere, testuinguru horretan atxilotutako emakume eta haur guztiak barne. Bahitutako pertsona bakoitzaren gorpuzkiak itzultzearen truke, hildako hamabost biztanle gazatarren gorpuzkiak itzuliko ditu Israelek.
6.- Bahitu guztiak itzuli ondoren, amnistia emango zaie Hamaseko kideei, baldin eta modu baketsuan elkarbizitzeko eta armak desegiteko konpromisoa hartzen badute. Gazatik alde egin nahi duten Hamaseko kideei harrera-herrialdeetarako pasabide segurua emango zaie.
7.- Akordio hau onartu ondoren, berehala bidaliko da laguntza osoa Gazako Zerrendara. Gutxienez, laguntza-kopuruak bat etorriko dira laguntza humanitarioari buruzko 2025eko urtarrilaren 19ko erabakian jasotakoarekin, azpiegiturak birgaitzea (ura, elektrizitatea, estolderia), ospitaleak eta okindegiak birgaitzea eta hondakinak kentzeko eta errepideak irekitzeko beharrezko tresneria sartzea barne.
8.- Gazako Zerrendarako banaketa eta laguntza bi aldeen interferentziarik gabe sartuko da, Nazio Batuen Erakundearen eta bere agentzien bidez, baita Ilargi Gorriaren eta aldeetako bakar batekin ere loturarik ez duten nazioarteko beste instituzio batzuen bitartez ere. Rafah-ko muga-pasabidea bi norabideetan irekitzeko, 2025eko urtarrilaren 19ko akordioak jasotako mekanismoak aplikatuko dira.
9.- Batzorde palestinar teknokratiko eta apolitiko baten aldi baterako gobernu iragankorrak zuzenduko du Gaza, zeina zerbitzu publikoen eta udalerrien eguneroko kudeaketaz arduratuko den. Batzorde hori palestinar kualifikatuek eta nazioarteko adituek osatuko dute, trantsizioko nazioarteko erakunde berri baten ("Bake Batzordea") ikuskaritzapean eta kontrolpean. Donald J. Trump presidenteak zuzenduko du –bera izango da erakundearen buru–, laster iragarriko diren beste kide eta estatuburu batzuekin batera. Besteak beste, Tony Blair lehen ministro ohia izango da horien artean. Erakunde horrek ezarriko du Gaza berreraikitzeko markoa, eta hura finantzatzeaz arduratuko da, harik eta Palestinako Agintaritzak erreforma-programa osatu eta Gazaren kontrola modu seguru eta eraginkorrean berreskuratzeko aukera izan arte. Hainbat proposamenetan jasotako baldintzen arabera egingo da, besteak beste, Trump presidentearen 2020ko bake-planaren eta Saudi Arabiaren eta Frantziaren arteko proposamenean zehaztutakoen arabera, alegia. Erakunde horrek nazioarteko estandar onenetara joko du gobernantza moderno eta eraginkorra sortzeko, Gazako herriarentzat baliagarria izango dena eta inbertsioak erakartzen lagunduko duena.
10.- Trumpen garapen ekonomikorako plan bat sortuko da Gaza berreraikitzeko eta dinamizatzeko, Ekialde Hurbileko hiri oparo eta moderno batzuen sorreran lagundu duten adituen sustenguarekin. Ondo pentsatutako inbertsio-proposamen eta garapen-ideia interesgarri asko, asmo oneko nazioarteko taldeek landu dituzte, eta kontuan hartuko dira segurtasun- eta gobernantza-markoak laburbiltzeko, Gazako etorkizunerako lanpostuak, aukerak eta itxaropena ekarriko dituzten inbertsioak erakarri eta errazteko.
11.- Lehentasunezko muga-zergak eta sarbide-tasak dituen ekonomia-eremu berezia ezarriko da. Herrialde parte-hartzaileekin negoziatuko dira horiek guztiak.
12.- Inor ez da behartuko Gazatik alde egitera, eta alde egin nahi dutenak libre izango dira horretarako eta itzultzeko. Jendea gelditzera animatuko dugu eta Gaza hobea eraikitzeko aukera eskainiko diegu.
13.- Hamasek eta beste fakzio batzuek adostu dute ez dutela inolako zereginik izango Gazako gobernuan, ez zuzenean, ez zeharka, ez beste inola ere. Azpiegitura militar, terrorista eta erasotzaile guztia, tunelak eta armak ekoizteko instalazioak barne, suntsitu egingo da eta ez da berreraikiko. Gaza desmilitarizatzeko prozesua egingo da, behatzaile independenteek gainbegiratuta. Prozesu horren barruan sartuko da armak betiko erabilezin bihurtzea, horiek desegiteko prozesu adostu baten bidez, nazioartean finantzatutako berrerosketa eta berrintegrazio programa baten laguntzarekin. Behatzaile independenteek egiaztatuko dute hori guztia. Gaza berriak ekonomia oparoa eraikitzeko eta bizilagunekin modu baketsuan elkarbizitzeko konpromisoa hartuko du.
14.- Eskualdeko bazkideek bermeak eskainiko dituzte Hamasek eta fakzioek beren betebeharrak betetzen dituztela ziurtatzeko, eta Gaza Berriak bere bizilagunentzat eta bere herriarentzat mehatxurik ekar ez dezan.
15.- AEBak kide arabiarrekin eta nazioartekoekin lankidetzan arituko dira Nazioarteko Egonkortze Indar (ISF) bat sortzeko, Gazan berehala hedatuko dena. ISF-k Gazan hautatutako indar polizial palestinarrak entrenatuko ditu, eta Jordania eta Egipto kontsultatuko ditu, esperientzia handia baitute arlo horretan. Indar hori epe luzerako barne-segurtasuneko irtenbidea izango da. ISF-k Israelekin eta Egiptorekin elkarlanean jardungo du mugako eremuak babesten laguntzeko, entrenatu berri dituen polizia indar palestinarrekin batera. Funtsezkoa da Gazan munizioak sartzea galaraztea eta merkantzien fluxu azkarra eta segurua erraztea, hura berreraiki eta biziberritzeko. Aldeek gatazkak saihesteko mekanismo bat adostuko dute.
16.- Israelek ez du Gaza okupatuko, ezta anexionatuko ere. ISF-k kontrola eta egonkortasuna ezarri ahala, Israelgo Defentsarako Indarrak (IDF) erretiratu egingo dira, desmilitarizazioari lotutako arau, mugarri eta epeetan oinarrituta. Desmilitarizazio hori IDF, ISF, bermatzaileen eta AEBen artean adostuko da, Gaza seguru bat lortzeko helburuarekin, ez dadin mehatxu izan Israel, Egipto edo bere herritarrentzako. Praktikan, IDF-k arian-arian entregatuko dio okupatzen duen Gazako lurraldea ISF-ri, trantsizio-agintaritzarekin lortuko duten akordio baten arabera, harik eta Gazatik erabat erretiratzen diren arte. Dena den, segurtasun-perimetro bat egongo da, Gaza edozein mehatxu terroristatik behar bezala babestuta izan arte.
17.- Hamasek proposamen hori atzeratzen edo ukatzen badu, aurrekoa, laguntza-operazioa zabaltzea barne, Israelgo Defentsarako Indarrek (IDF) Barne Segurtasuneko Indarrei (ISF) eman dizkieten terrorismorik gabeko eremuetan gauzatuko da.
18.- Erlijioen arteko elkarrizketa-prozesu bat ezarriko da, tolerantziaren eta bizikidetza baketsuaren balioetan oinarritua, palestinarren eta israeldarren pentsamoldea eta diskurtsoa aldatzen saiatzeko, bakeak ekar ditzakeen onurak azpimarratuta.
19.- Gazaren berreraikitzeak aurrera egin ahala eta Palestinako Agintaritzaren erreforma-programa zintzoki gauzatzen den heinean, autodeterminaziorako eta estatu palestinarra sortzeko bide sinesgarri baterako baldintzak sor litezke, eta hori herri palestinarraren nahitzat hartzen dugu.
20.- AEBek elkarrizketa lotuko dute Israelen eta palestinarren artean, elkarrekin modu baketsuan eta oparoan bizitzea ahalbidetuko duen etorkizun politikoa adosteko.