‘Goteo Euskadi’ plataformaren bidez Palestinako nekazariak laguntzeko finantziazio kolektiboko kanpaina jarri du abian Elikaherria elkarteak. Lortutako dirua Union of Agricultural Work Committees (Palestinako Baserritarren Batzordeen Batasuna) laguntzeko bideratuko du; erasoen osteko berreraiketak hasteko, nekazaritza lanetarako eta erresistentziarako.
Nekazariak lagundu ezean elikagai gabeziagatik krisia sortu daitekeela ohartarazi dute. Izan ere, Gazako beharren %80 nekazaritzatik dator. Kaltetutako lurrak birgaituko dituzte, mahatsondoak, zitrikoak eta barazkiak landatuz, baita ureztatze sistemak ipintzen ere. Proiektuak, gainera, lanpostuak sortuko dituela diote.
Laguntzak medikamentuetara eta larrialdietara bideratuko dituzte lehenik, eta ondoren nekazaritza erresistentziara eta antolaketa lanetara.
33 egun falta dira kanpaina bukatzeko. 43.000 euro lortu nahi dituzte baina 18.000 da lortu beharreko gutxienekoa. 3.175 euro daramate jasota.
Proiektua sare sozialetan zabaltzeko #AyudaCampesinaGaza traola sortu dute eta kanpainaren kartelak eskuragarri jarri dituzte interneten zabaltzeko. Facebooken eta blogetan argitaratzeko eta posta elektronikoz zabaltzeko post ereduak ere sortu dituzte.
Elikaherria elikadura burujabetzaren alde lan egiten duen elkartea da eta Etxaldek, Mundubatek, Euskal herriko Nekazarien Elkartasunak eta La Via Campesinak osatzen dute.