argia.eus
INPRIMATU
“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak
  • Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.

Maria Ortega Zubiate 2025eko abuztuaren 08a
Volker Türk artxiboko irudi batean. DW

Espero zitekeen, baina ostiral goizean Israelgo Gobernuak jakinarazitako planak hautsak harrotu ditu nazioartean. “[Israelek] Berehala geldiarazi behar du Gaza militarki okupatzeko plana”, adierazi du ostiralean Volker Türk NBEk Giza Eskubideetarako duen kontalariak. Gehitu du Nazioarteko Justizia Gortearen aurka doala erabakia, gorteak ebatzi baitzuen “Israelek ahalik eta azkarren amaitu behar duela okupazioarekin”.

Türken bide beretik joan da Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa ere. Lehenengotarikoa izan da bere aurkakotasuna adierazten, eta Netanyahuri erabakia bertan behera uzteko eskatu dio: “Ekintza horrek ez dio amaiera emango gatazkari, ezta bahituak askatuko ere. Odol gehiago ekarriko du soilik”. Gazan pairatzen ari diren krisi humanitarioa izan du gogoan, eta su-etenaren negoziaketaren eta laguntza humanitarioa areagotzearen alde agertu da. Starmerrek gogorarazi dio Gazan pairatzen ari diren muturreko egoera ari direla pairatzen Israelgo bahituak ere.

Herrialde barruan ere izan ditu kritikak Netanyahuk. Erabakia “arduragabekeria” dela leporatu dio bahituen senideen elkarteak, eta horrek ere su-etenaren eta negoziazioaren alde egin du, esku-hartze militarrak beren senideei ere kalte egiten diela argudiatuta. Segurtasun Kontseilua bilduta zegoen bitartean, ostegun gauean, neurriaren aurkako manifestariak bildu ziren Netanyahuren bulegoaren aurrean. Dagoeneko bederatzi lagun atxilotu ditu Israelgo Poliziak.

NBEren eta Erresuma Batuaren bide bera hartu dute nazioarteko ahots ugarik ere. Deigarrienetako bat izan da Alemaniarena. Berlinek, Israelen aliatu fidelenetako bat, Israeli armak saltzeari utziko diola jakinarazi du, Netanyahuren erabakia eta gero. Friedrich Merz kantzilerrak sinatutako komunikatu batean, kantzilerrak adierazi du ez duela ulertzen Netanyahuk zelan lortu dezakeen bahituak askatzea eta su-etenaren negoziazioak hastea helburu militarrak martxan jarrita.