argia.eus
INPRIMATU
Gauzak nola kontatzen diren

Bittor Hidalgo 2023ko martxoaren 22a

2021ean 1991n baino %28,6 euskaldun gehiagok egiten dugu errazago euskaraz espainolez baino.

2021ean 1991n baino %45,4 euskaldun gehiagok egiten dugu errazago euskaraz edo gutxienez espainolez bezain erraz.

Martxoaren 21eko Berriako azalean bi grafiko itxaropentsu martxoaren 20an argitaraturiko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren laburpen datuetatik. Titulu txikiagoetan datu positiboak ere: "Ezagutza %12 igo da 1991tik, eta erabilera %6,4 / Duela 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago daude". Baina titulu nagusia, azpimarratu, negatiboa: "Euskararen erabilera erdia baino ez da igo ezagutzaren aldean EAEn 30 urtean". Badaezpada ere. 2. eta 3. orrialdeetan datu positibo parrastada... Besteak beste, azpimarratzeko, hizkuntzaren familia transmisio datu (oso) positiboak, itxuraz. Hala ere, izenburu nagusi negatiboa, nahiz eta fantastikoa den lortu baldin badugu erabilera igotzea ezagutza igo denaren erdia. Hori haluzinatzeko datua da. Ezinezkoa da pareko igoera irudikatzea.

Okerrago argia.eus-eko berria. Izenburua: "Euskaldunen %44k erraztasun handiagoa du erdaraz hitz egiteko". Iruzkin depresiboa. Artikuluaren beraren izenburua: "Euskaldunen %27 moldatzen da euskaraz hobeto, erdaraz baino". Azpiburua: "Jaitsi egin da euskaraz erdaraz baino errazago egiten duten herritarren kopurua %34,6tik %27,4ra". Ze gaizki! Orain ere gaizki goaz! 30 urte eta gero. Lur jota geratzeko modukoa.

Kontua da, ARGIAko datu tranpatiari dagokionean, EAEn 1991n ginen 419.221 euskaldunetatik %34,6k baldin baginen errazago egiten genuenok euskaraz espainolez baino, 145.050 ginela. Orain, aldiz, 680.629 euskaldunetatik %27,4 baldin bagara errazago egiten dugunok euskaraz espainolez baino, 186.492 garela, orduan baino 41.442 gehiago, %28,6 gehiago. Eta begiratzen badiogu euskaraz erraztasun handiagoa edo erdaraz besteko erraztasuna dugun euskaldun kopuruari, 1991n 260.755 ginen eta 2021ean aldiz 379.110, 118.355 gehiago, hau da, %45,4 gehiago.

Gauzak nola kontatu nahi diren.

Goazen, euskaldun bihotzekook!

Hitz bat ere ez espainolez!

Bittor Hidalgo