argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak
  • Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren egoitzan, Arestiren garaian hainbat konpositorek sortutako lanak interpretatuta.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko ekainaren 06a
Egitaraua aurkezteko agerraldia, Bilbon. Euskaltzaindia

"Oro har, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia. Izan ere, euskal herritar asko dago oraindik ere Aresti nor izan zen ez dakiena, ez eta hark euskal literaturari egindako ekarpen garrantzitsua ezagutzen ez duena ere. Hortaz, Arestiren ekarria balioan jarri nahi dugu, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz". Horra nola aurkeztu duen Arestiren omenez landutako egitarau oparoa Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua, "XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zen hura omentzeko eta beronen ekarria goresteko" asmoz.

Ekainaren 5ean bete dira 50 urte Aresti zendu zenetik, eta urtemuga horren bezperan egin dute egitaraua aurkezteko agerraldia Bilbon, hots, Arestiren hirian. Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Aldundiaren, Bilboko Udalaren, BBK fundazioaren eta EITBren babesa izan dute hitzorduak antolatu ahal izateko.

Egitarau oparoa:

Ekainaren 6an (Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan): Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du.

Ekainaren 19an eta 20an (Euskaltzaindiaren egoitzan): "Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa" hitzaldia, Gabriel Aresti katedraren eskutik / EHU (Udako Ikastaroen barruan). Katedrak Gabriel Aresti intelektual eta kulturgilearen irudia eta obra ezagutarazi nahi du, bereziki unibertsitateko ikasleen artean. 

Ekainaren 26an (Bizkaia Aretoan, 11:00etan): Gabriel Arestik ereindakoak liburuaren aurkezpena. Gabriel Aresti katedrak ondutakoa da eta Patxi Juaristi (EHU) eta Beatriz Zabalondo (EHU) dira lanaren koordinatzaileak. Literatur genero, komunikatzeko modu, ikertzeko bide eta gogoeta egiteko era desberdinak uztartu dira omenaldi-liburu horretan. Testuekin batera, marrazkiak, lan grafikoak, akuarelak, irudi digitalak, komikiak, litografiak, collageak... ere apailatu dira. Pentsamendua bideratzeko modu desberdinak, helburu bera lortzeko: Arestiren lanaren gaurkotasuna aldarrikatzea.

Urriaren 6an (Guggenheim Museoaren areto nagusian, arratsaldez): Bilboko Koral Elkartearen kontzertua.

Urriaren 8an: Gabriel Arestiren mandatua liburu-aurkezpena. Arestiren ekarria diziplina anitzetatik (euskara, literatura, gizartea, antzerkia, hirigintza, artea, kazetaritza, bertsolaritza, gazteria, itzulpena...) aztertua da saiakera-lan horretan.

Urriaren 14tik abenduaren 31ra arte (Bizkaiko Foru Liburutegian): Gabriel Arestiri buruzko erakusketa monografikoa.

Urriaren 15ean (EHU Mikel Laboa plazan): Gabriel Arestirekin kanpoko antzerki-saioa. Ikuskizunak bi osagai ditu: Gabriel Aresti Eibarren fikzio-lana, Pedro Alberdik idatzia. Eta antzezlanaren bigarren osagaia, idazle bilbotarraren Profeta bati izeneko Q poema da, Harri eta herri liburukoa. Poesia herriarentzat egina dela aldarrikatu zuen Arestik lan horretan. Herriaren barnean sartu nahi ditu bere hitzak, "mailukadakak" badira ere. Berba horiek bizirik diraute, eta hori gogoraraztera dator Gabriel Arestirekin ikuskizuna.

Azaroaren 14an (Euskaltzaindiaren egoitzan, goizez): Gabrielen ispiluetan barrena solasa. Mahai-inguru horretan, poeta-talde batek mosaiko bat osatuko du, Arestiren poesiak beren sorkuntzan izan duen loturaz edo eraginaz hitz eginez. Parte-hartzaileak: Leire Vargas, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz, Sonia Gonzalez eta Tere Irastortza.

Antzerki-saioa: Mikel Martinez. Musika: Eñaut Elorrieta

Abenduaren 4an (BBK Aretoan, 19:00etan): Aresti mug(h)arri pieza eszenikoa (musika eta errezitala), Joxan Goikoetxea zuzendariak atonduta.

Abenduaren 10ean (Arriaga Antzokian): Bilboko Koral Elkartearen kontzertua.