Fagor Etxetresnak enpresak jakinarazpen ofiziala argitaratu du eta dio enpresak bere zorra birfinantzatzeko prozesuari ekin diola. "Une honetatik aurrera konpainiak lau hilabetera arteko epea izango du bere hartzekodunekin akordioa erdiesteko behar diren negoziazio-bideak zabaltzeko", prentsa oharrean azaldu dutenez.
Jakinarazpen ofizial horrek dioenez, enpresak duela aste batzuk hasi zituen negoziazioak hainbat aldetara: bankuekin, erakundeekin, Mondragon taldearekin eta gainontzeko hartzekodunekin.
Goizean enpresako hiru iturrik Goienari jakinarazi diotenez, enpresa "geratu" egin da. Komunikabide batzuek enpresaren itxieraz zabaldu duten berria "ez dela zuzena" adierazi diote Goienari iturri berdinek, eta Fagor Etxetresnen arlo finantzarioa desagertuko dela "seguru asko".
Aste erabakigarria
Astelehenean adierazi zuten Fagor Etxetresnak enpresako arduradunek aste erabakigarria izango zela, finantzazio beharrean zelako. Mondragon Korporazioa bankuekin negoziaketetan murgilduta egon da azken egunetan, 120 milioi euroko injekzioa jokoan.
Mondragon taldeak banketxeekin izan zitzakeen aurreakordioak aipatu edo enpresa S.A. bilakatu eta atzerriko inbertsoreen esku geratzeko arriskua ere aipatu dira egunotan. Fagor Etxekotresnak gezurtatu egin zituen elkarte anonimo bilakatzearen susmoak eta tartean egon zitezkeen aurreakordioak.
Jaurlaritza "marko legala errespetatuz" laguntzeko prest
Iñigo Urkullu lehendakariak New Yorken egindako agerraldian ere babesa eman zion enpresari eta Mondragon Korporazioari, baina tentuz ibili zen emandako azalpenetan; "Iraganean bezalaxe Eusko Jaurlaritzak laguntza emango" diola esan zuen, "beti ere Mondragon Korporazioaren marko legala errespetatuz". Mondragon Korporazioko zenbait kooperatibengan eragina izan dezakeen araudi legala gertutik jarraitzen ari direla azpimarratu zuen.
Carlos Etxeberrik Noticias de Gipuzkoan egin zuen kronikan azken esaldi hori Eusko Jaurlaritzak kooperatibari laguntza emateko izan zitzakeen mugekin lotu zuen. Europar Batasunak enpresei laguntzak emateko mugak zorrotz errespetatu beharko dira, eta hala izan ezean Europak Estatuko laguntza moduan ulertzeko arriskua bailegoke.
5.000 langile baino gehiago
Egun 5.642 langile ditu enpresak, horietarik 1.600 Euskal Herriko lantegietan (Arrasaten bi, eta Basaurin, Bergaran eta Eskoriatzan bana). Horretaz gain, nazioartean Frantzian, Polonian, Marokon eta Txinan daude lantegiak.
Azken urteak zailak izan dira enpresarentzat, eta dagoeneko neurri batzuk hartuak zituen kolpeari aurre egiteko. Aurrejubilazio batzuk eman zituzten eta soldaten jaitsierak ere izan zituzten langileek. Bestalde, iragan maiatzean Mondragon Korporazioko beste kooperatibek enpresari 70 milioi euroko injekzioa egitea erabaki zuten.