argia.eus
INPRIMATU
Gaur ekin diote ikasturteari 370.000 ikaslek EAEn
  • EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1 eta 2 mailetako ikasleek irailaren 7an ekin diote ikasturteari. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, familien %50,9k sare publikoan hasiko ditu bere seme-alabak eta %49,1ek, berriz, itunpeko edo pribatuan. COVIDa hasi zenetik ikasgelara lehen aldiz sartuko diren eguna izango da ia ikasle denentzat eta musukoa jantzita ikastetxe bakoitzaren protokoloa probatuko dute. DBH 3, 4 eta Batxilergoko ikasleek irailaren 15ean hasiko dute ikasturtea, hain justu hezkuntzako sindikatuek greba deitu duten egunean: ikasturteko itzulera segurua eta hezkuntza eragileekin adostua eskatzen dute, beste hainbat gauzen artean, esaterako, ordezkapenak lehen egunetik egitea lanpostu guztietan. Ordezkapenik ezak lehen egunetik baldintzatuko du eskolak eman ahal izatea: Amezketako eskolan, esaterako, ikasturte hasiera astebete atzeratu dute, bertako irakasle batek positibo eman ostean.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 07a
Argazkia: EITB.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, ikasturte honetan unibertsitatez kanpoko etapetako ikasleen kopurua %0,67 jaitsi da, eta jaiotza-tasaren jaitsierarekin lotu du beherakada. Ordea, Lanbide Heziketako aurrematrikula kopurua %4,35 igo da ikasturte honetan, eta Hezkuntza Sailak espero du datu hori handiagoa izango dela urrian, matrikula epea ixtean.

Ikasi beharreko lehena: protokoloa

Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak emandako jarraibide orokorrekin (EHIGE gurasoen elkarteen webgunean daude irakurgai protokoloak), ikastetxe bakoitzak osasun neurriak bermatzeko bere antolamendua egokitu behar izan du ikasturte honetarako, eta familiei eskolako protokoloa bidali diete.

Eusko Jaurlaritzak eskatuta, ikastetxeek hiru eszenategi landu dituzte: A eszenategia da gaurkoaren modukoa, ikasle denak eskolara joango direna. B eszenategiak aurreikusten du ikasle erdiak egongo direla ikastetxean, eta beste ikasle erdiek ordenagailuz jarraituko dutela egun horretan eskola. Baina gurasoen galdera da ea ikastetxean egongo ez diren adin txikiko ikasleak non egongo diren, nork zainduko dituen eta nork egingo dituen hauen irakasle lanak. D eszenategia konfinamendukoa litzateke, ikasle denak etxetik arituko lirateke.

Ikasturte hasierarako greba deitu dute langileen ordezkariek

Hezkuntzako sindikatuak salatu dute Jaurlaritzak hartutako neurriak ez direla osasuna bermatzeko nahikoa, eta ez dituela hezkuntza eragileekin adostu. Beste hainbat neurri zehatz ere eskatu dituzte, osasun baldintzak bete eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko: irakasleen ordezkapenak lehen egunetik egitea lanpostu guztietan, ikasgeletako ikasle kopurua jaistea, curriculuma murriztea eta egokitzea, gabiketa bermatzeko neurriak, jantoki zerbitzua ikasle denentzat bermatzea, arrakala bideratzeko neurriak jartzea...

Amezketako eskola astebete beranduago, irakasleak hamarraldian baitaude

Pandemian egonik, espero daiteke irakasleak ere gaixotuko direla edo hauen gertukoren batek PCR testean positibo ematen badu irakasleok hamarraldia egin beharko dutela. Egoera hauek oso zuzenean eragingo die ikastetxeetako irakasle taldeei. Lehen adibidea Amezketako Zumadi eskolan ikus daiteke: astebete atzeratu dute ikasturte hasiera, irakasle batek positibo eman duelako eta gainerako irakasleek hamarraldia egingo dutelako.

Bajek eta hamarraldiek baldintzatuko duten ikasturtean, Jaurlaritzak orain artean ez du adierazi ordezkapenak bermatuko dituenik.

Itzulera mailakatua

DBHko 3. eta 4. mailakoak eta Batxilergoko ikasleek irailaren 15ean hasiko dute ikasturtea. Eta Lanbide Heziketan, berriz, hilaren 14tik aurrera eta irailean zehar itzuliko dira, mailaren eta zikloen arabera.