argia.eus
INPRIMATU
Abadiñon bi senide hil dituen gizonak epailearen aurrean deklaratuko du
  • Abenduaren 10ean Mari Luz Alejo emaztea eta Amelia Rodríguez amaginarreba hil zituela aitortu duen abadiñarra ostiralean pasako da epailearen aurretik. Arratsaldean, Abadiñon eta beste hainbat lekutan elkarretaratzeak egingo dira hilketak gaitzesteko.

ARGIA @argia 2014ko abenduaren 12a
Anderebide elkarteak bi hilketak salatzeko deitutako elkarretaratzea Abadiñon. Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, baliteke hilketen zioa arrazoi ekonomikoak izatea. Dirudienez, abadiñarrak egoera ekonomikoaz eztabaida izan zuen emaztearekin eta amaginarrebarekin.

Hainbat eragilek emakumeen aurkako bortizkeria muturrekoa gaitzetsi dute, hala nola, Emakundek, Eudelek, EHBilduk, PSE-EEk, Emakumeen Mundu Martxak eta erretiroa hartu aurretik hiltzailearen emazteak lan egiten zuen Inyectametal enpresak.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak nazka eta gaitzespena adierazi ditu genero indarkeria kasu honen aurrean eta herritarrei jarrera aktiboa eskatu die horrelako gertaeren aurrean, tolerantziarik ez izateko.

Berria egunkariak jaso duenez, hainbat eragilek hedabide batzuk eta kargu publiko batzuk kritikatu dituzte nekez azaldu dutelako Abadiñokoa genero indarkeria izan dela. Herriko alkatearen esan bat jarri du egunkariak adibide, izan ere, alkateak genero indarkeria izatea “oso arraroa litzatekeela” adierazi zuen.

Emakumeen Mundu Martxak azpimarratu duenez, 2014an bost emakume hil dituzte Euskal Herrian.

Arratsaldean Abadiñon bertan elkarretaratzea egingo da eta beste hainbat lekutan ere hilketak gaitzesteko bilkurak egingo dituzte.