argia.eus
INPRIMATU
Franco diktadorea bizkarrean hartuta atera dute Erorien Haraneko ate nagusitik
  • 1975ko azaroaren 23an eraman zituzten Francoren gorpuzkiak Madrilgo mausoleora, hil eta hiru egunera. Preso errepublikarrek eraikia, Gerra Zibileko 33.800 biktima daude bertan lurperaturik.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 24a

Ostegun eguerdian atera dituzte Erorien Haranetik Francisco Francoren gorpuzkinak. Bizkarrean hartuta atera dute hilkutxa lorez eta oihalez apainduta, Europako mausoleo faxista handiena denaren atea nagusitik.

Pedro Sánchez Espainiako presidenteak Twitter bidez azaldu duenez "Espainiako demokraziarentzat garaipen bat" da diktadorearen exhumazioa. Iñigo Urkullu lehendakariarentzat ere "anomalia demokratiko bat zuzentzen" du.

Aitzitik, hura ateratzeko trabak eta moduek askorentzat agerian utzi dute frankismoaren oinarriak uste baina errotuago segitzen dutela Espainiako Estatuko egituretan. Kritikak eta haserre ugari eragin du prozesuak:

12 urte gorpu bat ateratzeko

Hamabi urte iragan da 2007ko Memoria Historikoaren legea onartu zuela Espainiako Kongresuak, PSOEko Jose Luis Zapatero Espainiako Gobernuko lehendakari zela. Lege horretan oinarritzen da desobiratze hau. Harrez gero, Franco ateratzeko baimena ematen zuen ez legezko proposamena onartu zen Kongresuan 2017an eta Espainiako Gobernuak, azkenean, 2019an eman zuen horretarako agindua.

Familiaren gertuko fundazioek, dena den, etengabe trabatu dute agindua auzitegietan. Ate denak irekita, Madrilgo Mingorrubioko panteoira eraman dute gorpua, bere alargun Carmen Polo lurperatua dagoen lekura.

Tejero kolpistari sarbidea utzi diote

Hogei bat herrialdetako 500 kazetari inguruk zuzenean jarraitu dute segurtasun neurri zorrotzen pean egin den desobiratzea. Mingorrubiokoa hilerrian han bildutakoek polizia hesia igarotzea ezinezkoa zuten arren, Antonio Tejero koronel ohi kolpistak ez du inongo arazorik izan barrura sartzeko.

34.000 hilotz

Erorien Haranean dauden ia 34.000 hilotzetatik, gehienak 1959an eraman ziren Estatuko beste lekuetatik eta asko fusilatutako errepublikarrei dagokie. Euskal Herritik 1.200 gorputz inguru garraiatu ziren.