argia.eus
INPRIMATU
Ziburuko ikastolak orain arteko lekuan segituko du zazpi eguneko epea bukatuta
  • Asteartean amaitu da iragan astean Paueko Auzitegiak Ziburuko Kaskarotenea ikastolari okupatzen duen tokia uzteko jarritako zazpi eguneko epea. Egunak igarota, Marinela gunean jarraitzen duten egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaindu beharko du ikastolak. Halaber, argindarra, ura eta hesiak kenduko dizkiela egin die mehatxu Ziburuko auzapez Guy Poulouk.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 09a
Seaskak elkartasun kanpaina abiatu du, epez kanpo ikastolan geratutako eguneko 100 euroko isuna ordaintzen laguntzeko. (Arg.:kazeta.eus)

Epaia jakin zenetik Seaska modu anitzetan saiatu da egoerari irtenbidea bilatzen, baina akordiorik ezean, Marinelan jarraituko dutela diote. Etor daitezkeen isunei aurre egiteko, Seaskak elkartasun kanpaina jarri du martxan.

"Badakigu ikastola honekin potentziala badugula"

Duela bi urte sortu zen Kaskarotenea ikastola. Zortzi ikasle zituen orduan eta 13 ditu egun. Maialen Tapia Kaskaroteneako irakasleak Kazeta-n azaldu duenez, “ikastola honekin potentziala badugula badakigu, horregatik inportantea da atxikitzea”.

Egun Ziburuko ume ugari Donibane Lohizunera joaten diren arren, hurbiltasunaren garrantzia medio, haurrak Kaskarotenea doazela antzematen dutela azaldu du Tapiak. Egun ikastolan dauden haurren anai-arreba gazteagoak ere denborarekin bertara joango direla aurreikusten dute.

Tapiaren esanetan, ikastola txikia izatek ere erakartzen ditu gurasoak. "Egia da ttipia izanki gauza gehiago egiten ahal ditugula eta pedagogia ere ezberdina da", adierazi du. Gurasoen konpromisoa azpimarratu du irakasleak: "Gurkein lanean aritzeko prest dira eta hori ez da gutti".

Bestalde, Ziburuko auzapez Guy Poulou eta Herriko Etxearen jarrera salatu du Tapiak. Lagundu ordez, “zapaltzen” aritzea ulertezintzat jo du eta Herriko Etxearen inguruan, “ziburutar bezala hautetsien jokamoldeaz lotsatzen dela” adierazi du.