argia.eus
INPRIMATU
Gaubeako tomate hidroponikoen plantako lan baldintzak: "Ezin da erlojua sartu lanera, denbora ez kontrolatzeko"
  • Gaubean ireki berri duten makro-negutegian lan baldintza "basatiak" salatu dituzte, eta kontratazio politikan hitzemandakoa ez betetzea. Arabako Alea-k tomate hidroponikoen plantan lan egin duten hainbat langilerekin hitz egin du.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko ekainaren 22a
Gaubeako Tuesta poligonoan makro-negutegia eraikitzeko obrak. Argazkia: @KikeFdzdePinedo Twitter bidez

Gaubeako Tuesta industrialdean ireki berri duen tomate hidroponikoen planta erraldoiarekin, eskualdeko herritarren artean 50 lanpostu sortuko dituela hitz eman zuen Cultivos Araba enpresak; horretarako Herbehereetatik harturiko teknika "berritzailea" erabiliko duela ziurtatu zuen, ur eta agrotoxiko gutxiago erabilita.

Baina Arabako Aleak bestelako errealitatea aurkitu du hango langileei galdezka hasi denean, "eskualdean azken hilabeteetan ahoz aho dabilen informazioa egiaztatzeko". Izena eman nahi izan ez duten hainbat langilerekin hitz egin du Aleak eta lan baldintza "basatiak" salatzeaz gain, kontratazio politikarekin ere kexu dira, bere esanetan.

Formakuntza ikastaroetarako diru publikoa

Lanpostuak lortu ahal izateko Añanako Kuadrillako 60 bat gaztek formakuntza ikastaro luzeak jaso dituzte 2022tik, prestakuntza hori beharrezkoa zela esan zietelako, eta Arabako Foru Aldundiak diru publikoz lagundu ditu ikastaro horiek, hedabide arabarrak azaldu duenez.

"Gaur, hamabost langile daude plantan lanean, eta gehienak ez dira ikastaroan ibilitakoak. Magrebtarrak kontratatu dituzte", azpimarratu diote hedabideari langile ohiek.

Hispalus enpresak Barrenetxe nekazal kooperatibarekin Cultivos Araba sortzeko ere, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza eman zuen. Cultivos Arabak guztira 4,7 milioi euro jaso ditu, bost futbol zelaiko eremua hartzen duen makro-negutegia martxan jarri eta astean 50.000 kilo tomate ekoizteko.

"Jendea entzuten dutenean hitz egiten isiltzeko oihukatzen digute; ezin da erlojua sartu lanera, denbora ez kontrolatzeko"

Agroekologia eta bionekazaritza elkarteek eta talde ekologistek ohartarazi dute eredu hori ez dela batere jasangarria.

Lan baldintza "basatiak"

Langile ohiek lan baldintza "basatiak" ere salatu dituzte, eta kexatzen dena kalera botatzen dutela diote, beti ere Aleak argitaratutako informazioaren arabera: "Ez da enpresa serio bat. Dena berdin zaie, eta oihukatzea da egiten dakiten gauza bakarra da. Jendea entzuten dutenean hitz egiten isiltzeko oihukatzen digute; ezin da erlojua sartu lanera, denbora ez kontrolatzeko", azaldu diote Alea-ri. Diotenez, "Almeria estiloko" lan baldintzak ezarri dituzte. 

Hedabide honen esanetan, ekainaren 13an sartu zituzten lehen tomateak, eta oraingoz negutegi erdia dago martxan; hurrengo txanda irailean izango da eta orduan espero du enpresak 50 langile horiek kontratatzea.