Historia. Garapena. Kobazuloetako margoetatik hologrametara. Denboraren joanak arrastoak uzten ditu, eta Euskal Herria ez da gutxiago. Azken mendeetako gerrek aztarna mordoa utzi dituzte, eta horietako askok guregana bisitan datozenei erakutsi eta dirua ateratzeko balio dute: Gallarta eta Zugaztietako meatzaritza bisitak, Donostiako Setioak utzi zituen kanoiak… baina badira beste batzuk zeresan eta fama handirik gabe hor dihardutenak, eta jende gutxik ezagutzen dituenak. Hala, Oarsoaldeako azpiegitura asko nola eraiki ziren argitu digu Trabajadoriak dokumentalak.
Oarsoaldea eta Bidasoa-Txingudi ingurua leku berezia da. Mugatik gertuenen dauden Gipuzkoako eskualdeak izateak haren garapenean eragin handia izan du. Komertzioak, adibidez, pisu handia izan du Irunen, eta horregatik gaur egun jende gehien bizi den Gipuzkoako bigarren udalerria da. Gaur egungo migrazio-krisia dela eta, Frantziara eta Europako beste herrialdeetara joan nahi duten migratzaile ugari dago. Bestelako hiria da. Donostiaren ekialdean dagoen esparru honek, baina, historia oso berezia izan du, 1936ko Gerratik hona batez ere. Irun eta beste herri txiki batzuk kenduta, oso eremu menditsua eta “birjina” zen, baina Francok Gipuzkoa hartu bezain laster, leku estrategikoa zenaz ohartu zen. Muga eremua zenez, konexioak hobetzea eta gotortzea beharrezkoa zela ikusi zuen, etorkizunean gerta zitekeenari aurre egiteko. Beste gauza batzuen artean, gerraren ostean errefuxiatuen etorrera kontrolatzea zen helburua.
Muga gotortzeko eta Gipuzkoa eta Nafarroa arteko konexioak hobetzeko, baina, langileak behar ziren, eta Francok gerrako presoak erabili zituen, gatibuak. Hala, historialarien kalkuluen arabera, 40.000 anarkista, sozialista, komunista eta abertzale jarri zituen diktadoreak “trabajatzen”. Lekukoek giza eskubideen urraketak etengabeak zirela salatu dute, eta batailoiak miseria eta izuaren pedagogian oinarritzen zirela diote. Presoen Kontzentrazio-Esparruen Ikuskaritza izeneko erakundea sortu zuten 1937ko udaberrian, presoak lan-eremuetara bideratu eta lana kontrolatzeko. Hogei orduko jardunaldiekin eta etengabeko jipoiekin gaur egun erabilgarri dauden hainbat azpiegitura eraiki zituzten, Oiartzunetik Lesakarako errepidea eta Aritxulegiko tunela adibidez. Lan istripuak eta tifusa bezalako gaixotasunak etengabeak ziren, eta nahiz eta erietxera eraman, berehala berriz lanean ziren. Euskal Herriko presoez gain, Andaluzia, Extremadura eta Salamancako gatibu asko zeuden. Presoek ez zuten naziorik, delitu bakarra antifaxista izatea zen.
Jaizkibelgo errepidea, Lesakara doan errepidea, Aiako Harrian dauden bunkerrak… ezer jazo izan balitz bezala igarotzen gara gehienetan, baina batzuetan ondo dator gogoratzea zenbateko sufrimendua eta odola isuri zen asfalto horren gainean.