argia.eus
INPRIMATU
Gerretatik eta jazarpenetik ihes egin duten 70 milioi pertsona zeuden munduan iaz, historiako daturik altuena
  • Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Agintaritzak 2018an 70 milioi pertsona desplazatu zirela salatu du, batzorde honen 70 urtetako historia osoan erregistratu den zifra handiena. Desplazatu hauek gerrek, jazarpenak eta gatazkek eragindakoak direla diote, eta 108 pertsonatik bati eragiten diete.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 19a
Errefuxiatuak Greziara iritsi berritan.

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Agintaritzak argitaratutako Tendentzia Globalen txostenaren arabera, 1998tik bikoiztu egin da desplazatzera behartuta izan diren pertsonen kopurua. 70,8 milioi horietatik, 25,9 errefuxiatuak dira, 41,3 barne-desplazatuak eta 3,5 babes-eskaleak.

Filippo Grandi Goi Agintariak adierazi duenez, datu hauek erakusten dute babesa behar duten pertsonen kopurua etengabe hazten ari dela: “Zifra hauek epe luzeko goranzko tendentzia adierazten dute, gerra eta gatazken aurrean babesa behar duten pertsonekiko. Eskuzabaltasun eta elkartasunaren testigu izaten ari gara azken aldian hala ere, errefuxiatu asko jasotzen dituzten komunitateen aldetik batez ere. Gainera, aktore berrien aldetik laguntza asko jasotzen ari gara” adierazi du Grandik.

Egoeraren datu batzuk

Iheslariak laguntzeko Nazio Batuen Erakundearen Goi Agintaritzak publikatu duen ikerketa sakonean errefuxiatu eta desplazatuen inguruko hainbat datu argitzaile ikus ditzakegu, gaur egungo egoeraren eskema mental bat egiteko. Zifra orokorretik 3,5 milioi pertsona babes-eskaleak dira, hau da, beraiena ez den herrialde batean dauden eta nazioarteko laguntza jasotzen duten pertsonak dira, baina errefuxiatu-izaera oraindik lortu ez dutenak. 25,9 milioi errefuxiatuak dira, errefuxiatu palestinarren laguntzarako NBEren Agentziaren laguntzapean dauden 5,5 milioi pertsonak barne.

Beste 41,3 milioiak barne-desplazatuak dira, hau da, beren herrialdean hiri edo eskualdez aldatzera behartuak izan diren pertsonak. 70,8 milioi desplazamendu horietatik, 13,6 iaz gertatu ziren; hau da, 2018an 10,8 milioi barne-desplazatu berri eta 2,8 milioi errefuxiatu berri izan ziren. Haien bizilekura itzuli direnak, berriz, 2,3 milioi barne-desplazatu eta 600.000 errefuxiatu izan dira.

Gaur egun munduko errefuxiatuetatik 6,7 milioi siriarrak dira, eta Turkiak 3,7 milioi errefuxiatu jasotzen ditu; biak lehen herrialdeak dira bakoitzaren zerrendan (nongo errefuxiatuak eta herrialde-hartzaileak).

Errefuxiatuen fluxua

Errefuxiatuak nondik nora mugitzen diren ere aldatu egin da. Geroz eta gehiago dira hiri-eremuetara doazenak, eta errefuxiatu-zelaiek pisu gutxiago dute. Errefuxiatuen %61 hiri-eremuetan bizi da, zehazki. Errefuxiatuen %80 beren herrialdeekin mugakide diren herrialdeetara doaz. Diru-sarrera altuko herrialde-hartzaileek, bataz beste, 2,7 errefuxiatu jasotzen dituzte mila biztanleko. Diru-sarrera erdi-baxuko herrialdeek, berriz, 5,8 pertsona jasotzen dituzte mila biztanleko batez beste. Bizitza prekarioagoa den herrialdeek jasotzen dituzte errefuxiatu gehiago, beraz; honek errefuxiatuen bizitza-kalitatea bermatzea zailtzen du.