Hamar urteko epea dute NATOko estatu-kideek helburu hori lortzeko. Espainiak ere sinatu du akordioa, baina, aldi berean, Mark Rutte aliantza atlantikoko idazkari nagusiaren gutun bat eskuratu du Pedro Sánchezek, ustez "malgutasuna" emango liokeena. Donald Trumpek gerra komertzial bat hasteko mehatxu egin dio Espainiari.
Denek sinatu dute dokumentua Hagan asteazken honetan egindako NATOko goi-bileran, baita Espainiako Estatuak ere. Bertan jartzen duenez, herrialde bakoitzaren gastu militarra Barne Produktu Gordinaren %5 izateko konpromisoa hartu dute, hamar urteko epean, 2035 urterako.
Hortaz, 2014an ezarritako %2ko helmuga askogatik igo dute NATOko kideek, eta aurrekontuaren zati handi bat gastu militarrera bideratu beharko dute, oinarrizko beste arlo batzuetatik murriztuta, bistan denez. Beste potentzia militarren "mehatxua" eta "gerrarako prest" egotea da erabili duten argudio nagusia.
Hasiera batean asmoa gastua BPGren %3,5era igotzea bazen ere, Donald Trump AEBetako presidenteak egindako presioaren ondorioz onartu behar izan dute Mark Rutte NATOko idazkari nagusiaren azken proposamena, hau da, portzentajea %5 izatea baina desglosaturik: %3,5 gastu militar zuzena, eta %1,5 gastu militar eratorria (zibersegurtasuna, azpiegiturak, mugen zaintza...).
2014an ezarritako %2ko helmuga askogatik igo dute NATOko kideek, eta aurrekontuaren zati handi bat gastu militarrera bideratu beharko dute, oinarrizko beste arlo batzuetatik murriztuta, bistan denez
"Garaipen monumentala izan da", esan du Trumpek bere ohiko tonuan. Goi-bileran parte hartu duten agintari gehienek ez dute inolako eragozpenik jarri armetan milaka milioi euro gehiago gastatzeko; Pedro Sánchez Espainiako Estatuko presidentea izan da ahapeka modu kritikoan agertu den bakarretakoa.
Sánchez kontuak koadratu nahian
Sánchezek goi-bileraren aurretik esana zuen ez dagoela kopuru horietara iristeko prest, horrek gastu sozialean eragin zuzena izango duelako –eta bazkide dituen bere gobernuko beste alderdiek ez dutelako halakorik onartuko–. Jarrera horrek ikusmina sortu du, baina Hagan nahiko apal aritu da Espainiako presidentea, eta %5eko akordioaren dokumentua sinatu du azkenean, NATOko kide guztiek bezalaxe.
Izan ere, Rutteren gutun idatzi bat lortu du Sánchezek, bere esanetan helburuak lortzeko "malgutasuna" emango liokeena. Agintari espainiarrak zihurtatu du NATOrekin hitzarturiko "gaitasun militarraren konpromisoetara" iristeko Espainiak nahikoa izango duela BPGren %2,1 bideratzea. Horrekin kontuek koadratzen omen diote, nonbait.
Urtero jarraipena egiteaz gain, herrialde guztiek 2029an lehen azterketa bat izango dute, eta %3,5eko gastura iritsita egon beharko dira arlo militarrean
Baina Ruttek berak zalantzan jarri du hori: "Ados gaude esatean ez gaudela ados", azaldu du ironikoki, eta bere matematikak erakutsi ditu esateko Espainiak azkenean %3,5 bideratu beharko duela gastu militar zuzenera.
Trumpek, bere aldetik, gerra komertzialarekin mehatxu egin dio Espainiari: muga-zergak bikoiztu eta horrela pagatuko duela.
Urteroko jarraipena egiteaz gain, herrialde guztiek 2029an lehen azterketa bat izango dute, eta %3,5eko gastura iritsita egon beharko dira arlo militarrean. Ordurako Trumpen presidentetzak amaituta egon behar luke, baina bost urte luze dira.