argia.eus
INPRIMATU
Bilbon 10 urte gutxiago biziko zara Gasteizen baino, arrazoi sozioekonomikoengatik
  • Batez beste, Gasteiz hegoaldean bizi den gizona 10,5 urte gehiago eta emakumea 7 urte gehiago biziko da, Bilbo Zaharrekoa baino. Tokian tokiko bizi-itxaropenaren datuak jaso dituzte EAEn eta ondorioa garbia da: baldintza sozioekonomikoek eragin zuzena dute emaitzetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko otsailaren 01a
Ez da kasualitatea juxtu Bilbo Zaharra izatea EAEn bizi-itxaropen txikiena duen zonaldea.

“Bizi-itxaropenean eragin dezaketen faktoreak asko dira, baina horien artean inportanteenetarikoa bizi-baldintzei lotutakoa da. Ez da kasualitatea juxtu Bilbo Zaharra izatea EAEn bizi-itxaropen txikiena duen zonaldea. Gainera, desoreka ez da bakarrik auzo pobreenen eta aberatsenen artekoa, lotura lineala da, graduala: zenbat eta maila sozioekonomiko altuagoa izan auzoak, orduan eta bizi-itxaropen handiagoa dute bertako bizilagunek”. Hala azaldu du Amaia Bacigalupe soziologo eta Osasun Publikoan doktoreak, Euskadi Irratian. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailetik bideratuta, EHUko Opik ikerlari taldeak egin du bizi-itxaropenari buruzko txostena, eta taldekideetako bat izan da Bacigalupe.

Bizi-itxaropenean bakarrik ez, norberaren osasun fisiko nahiz mentalean ere maila sozioekonomikoak erabateko eragina duela dio Bacigalupek, “osasuntsu bizi ahal izateko gaitasunean eta gaixotzeko probabilitatean”.

Egoera sozioekonomikoa honako adierazleen arabera neurtu dute: langabezia tasa, ikasketa baxuko biztanleen portzentajea, eskulangile eta kualifikazio gabeko bizilagunena, eta behin-behineko kontratuak dituztenena.

Gasteiz eta Ondarreta vs. Otxarkoaga eta Pasai San Pedro

Arabak orokorrean eta hiriburuka Gasteizek ditu EAEko bizi-itxaropen datu altuenak. Kontrara, Bilbon daude bizi-itxaropen txikiena duten zonaldeak: Bilbo Zaharra, Zazpikaleak, Otxarkoaga, Zornotza…

Gipuzkoan, datu txarrenak Pasaia inguruak ditu –“kutsadura eta ingurumen faktoreek ere eragina dute, nola ez”, adierazi du adituak–, eta zehazki, Pasai San Pedro eta Donostiako Intxaurrondo, Bidebieta eta Altza dira bizi-itxaropen txikiena dutenak. Gipuzkoako datu onenak berriz, Amara eta Ondarreta auzo donostiarrek dituzte. “Leihotik begiratu eta auzoa baloratuta, norberak nahiko argi aurreikus dezake inguru horrek zer nolako eragina izango duen bere bizi-itxaropenean. Eta hori bortitza da”.

Txostenak mezua du Osasungintzako langile eta politikarientzat: euren programak nahitaez harremanean jarri behar dituztela beste sektore askotakoekin, eta elkarlanean aritu behar dutela, pobreziari aurre egiteko programekin, etxebizitzaren egoera hobetzeko politikekin, eskola porrota gainditzeko proiektuekin…