argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udaltzaingoak identifikatutako bizilagun bat kanporatua izateko arriskuan dago
  • Larrialdi Sozialetako Udal Zerbitzuen arreta jasotzen ari zen bizilagun bat identifikatu zuen Gasteizko Udaltzaingoak ekainaren 15an. Espainiar Poliziaren eskupean utzi eta atxilotu egin zuten. Orain kanporatze espedientea irekia duela salatu du Gasteizko EH Bilduren udal-taldeak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 25
Argazkia: Hala Bedi

Beste behin, Gasteizko Udaltzaingoak zerbitzu sozialen arreta jasotzen ari zen bizilagun bat identifikatu du San Antonio kalean dagoen arretarako gunean. Hala Bedik kontatu duenez, ekainaren 15an izan zen atxilotua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatetzan mantendu zen egun berean.

Zerbitzu sozialen arreta jasotzera hurbiltzen diren pertsonak bereziki zaurgarri dira, eta EH Bilduren udal-taldeak zerbitzu sozialak ezin direla “atxiloketarako eremu” izan salatu du. Gasteizko Eskubide Sozialen aldeko Plataformak martxoaren 4an ere antzeko egoera bat salatu zuen udaletxearen Gizarte-politiketarako Batzordean. Orduan, plataformak zerbitzu sozialetan jazotzen ari ziren atxiloketen inguruko azalpenak eskatu zizkion Peio Lopez de Munaini (PSE), Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko zinegotziari.

2018ko apirilean Gasteizko bizilagun venezuelar batekin gertaturikoa salatu zuen plataformak udaletxean. Garai hartan, pertsona hau beste bi lagunekin jantoki sozialerako txartel baten bila joan zen; bi lagunei eman egin zieten, baina lagun venezuelarrari ez zioten eman, eta udaltzainek atxilotu eta Espainiar Poliziaren eskuetan utzi zuten, ondoren kanporatua izateko, bere ohiz-kanpoko egoera zela eta.

Zerbitzu, sozialak?

Etorkinak dira, orokorrean, gure herrian egoera prekarioenean dauden biztanleak. Haien egoera halakoa izanda, askotan zerbitzu sozialetara jotzen dute, pertsona izate hutsarengatik arreta jasotzeko eskubidea baitute. Baina egoera larrian dauden pertsonen arretarako izan beharko liratekeen leku hauetan, kanpotarrak atxilotzen eta kanporatzen ari dira. Akusazio hauen aurrean, baina, Lopez de Munain udal-zerbitzuetan ohiz-kanpoko egoeran dauden kanpotarrak identifikatzeko prozedurak daudela gezurtatu du.