Hilabate pasa den honetan, Sanferminetako bortxaketaren epaia salatzeko egin zen manifestaldiarekin loturan ondorio errepresiboak ematen ari da.
Sanferminetako talde-bortxaketaren epaiaren harira, apirilaren 26an Gasteizen egindako manifestaldian parte hartu zuen jendeak zigorrak jasotzen jarraitzen du, Hala Bedik jakinarazi duenez. Jazo den azken zigorrean, Udaltzaingoak 200 euroko isuna jartzen dio manifestaldian parte hartu zuen pertsona bati, semaforoa gorriz zegoela errepidea zeharkatzeagatik.
4.101 polizia-agenteak, gainera, “larritzat” jo du arau-hastea, nahiz eta milaka izan ziren berbera egin zuten pertsonak. Are gehiago, hiriko errepide nagusienetako bat moztu zuen eserialdi batekin eman zitzaion amaiera mobilizazioari.
‘La Manada’ auziaren sententziaren kontrako manifestaldiak eragindako errepresioa azpimarratu duten hainbat kasu egon dira denbora tarte honetan. Maiatzaren hasieran, adibidez, manifestari batek Udaltzaingoaren partetik jasandako erasoak salatu zituen.
Sanferminetako talde-bortxaketaren gaineko sententziari emandako erantzunak eragindako errepresioa alde batera, Gasteizko Mugimendu Feministak zigor gehiago jaso ditu azkenaldian. Martxoaren 8arekin loturan, Greba Feministara deia zabaltzen zuten kartelak jartzeagatik 1.450 euroko isunarekin zigortu baitzuen Mugimendu Feminista Gasteizko Udalak. Ez hori bakarrik, zigorra jarri eta biharamunean udalbatzak Greba Feministako kartelak “zirko eta outlet azoken” kartelekin alderatu zituen.