Gasteizko Udalak ez ditu ikur frankistak kenduko, kokatu egingo ditu

  • Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ez dizkie dominak eta kale-izenak kenduko frankismoarekin lotutako pertsonei. Beren garaian kokatu egingo ditu. "Eskandalutzat" jo du iragarpena frankismoaren krimenen aurkako plataformak.


2017ko azaroaren 06an - 16:21
Lander Garcia Rodrigo frankismoaren krimenen aurkako plataformako kidea da. (Arg.: Arabako alea)

Kendu ez, baizik eta testuinguruan jarriko ditu frankistei emandako kale-izenak eta dominak Gasteizko Udalak. Hala aurreikusten du Gorka Urtaran alkateak aurkeztu berri duen Memoria Historikoaren Planak. "Asaldagarria". Hitz horrekin erantzun du Frankismoaren krimenen aurkako plataformak. Zergatia azaldu dio aleari Lander Garcia Rodrigok (Gasteiz, 1977).  

Udalak ez ditu alkate eta gotzain frankisten kale-izenak aldatuko. Horren ordez, testuinguruan jarriko ditu. Zer iruditzen zaizue? 

Frankismoaren krimenen aurkako plataformako kideok Udalari Memoriaren Plan bat egitea proposatu genionean, gure helburua zen frankismoaren biktimen eskubideen alde egitea; hau da, egia, justizia, erreparazioa eta ez-errepikatzeko eskubideen alde egitea. Ezin diegu arduradun frankistei kale-izenen ohorea eman. Izen horiek aldatu behar ditugu, beste toki batzuetan egin duten bezala.   

Zer beste tokitan aldatu dituzte? 

Bilbon bertan; eta kontuan izan Gasteizen gobernatzen duen alderdi berak kudeatzen duela hango Udala [EAJk]. Hemen ere, frankisten kale-izenak ezabatu beharko genituzke, eta horri zentzu politiko eta pedagogikoa eman. Aldiz, Udalaren memoria-lantaldean [plataformak eta talde politikoek osatuta] ez genuen lortu horren inguruko erabateko adostasunik, eta beste aukera bat jarri zen mahai-gainean: kale-izen horiek testuinguruan jartzearena. Lehenengo urrats moduan, hori onartzeko prest gaude plataformako kideok, ondo zehazten badugu zer idatziko dugun testuinguru horretan. 

Beraz, prest zaudete kaleen izenak testuinguruan jartzeko, baldintza batzuk betetzen baditu Udalak. Zeintzuk, bada?

Irizpide amankomuna proposatu dugu kale-izenentzat, oroimen-lekuentzat eta ikur frankista zehatz batzuentzat. Hiru ideia adierazi behar ditugula uste dugu. Bat: frankismoa giza eskubideak urratu zituen diktadura izan zen. Bi: diktadura horretan (1936-1978), ehunka gasteiztarrek jazarpen politikoa jasan zuten, eta pertsona horiek ideologia politiko zehatzak zituzten;  errepublikanoak, anarkistak, sozialistak edo abertzaleak ziren. Alegia: diktadura horrek ideologia zehatz batzuetako pertsonak bortizki jazarri zituen hamarkadatan zehar. Ehunka gasteiztarrek pairatu zituzten kartzela-zigorrak, torturak eta fusilamenduak. Errespetu handiz ekarri behar dugu gogora haien identitate politikoa. Eta hiru: Eliza katolikoaren hierarkiak diktadura hori babestu zuen. Argi eta garbi geratu behar da hierarkia katolikoaren eginkizuna, baldin eta Memoriaren Planaren helburua jatorriko bera baldin bada: pedagogia demokratikoa egitea. 

Dominekin, kaleekin bezala egingo du Udalak:  kendu ez, baizik eta testuinguruan jarri. 

Hala da. Plataformatik, frankistei dominak kentzea proposatu genuen hasieratik, eta memoria-lantaldean ez zen desadostasunik egon horren inguruan. Guztiok ulertzen genuen gaur egun pentsaezina dela frankista batek urrezko domina bat izatea. Diktaduran ardurak izandako pertsonei buruz ari gara; zehazki, apezpiku frankista eta alkate frankistei buruz. Ardura horiek ez zitzaizkien loterian tokatu; giza-eskubideak urratu zituen diktadura batean izan zituzten.  

Txosten tekniko batean oinarritu da Udala, domina horiek mantentzeko...

Bai, txosten ustez tekniko batean oinarritu du haren erabakia. Lan horrek ez du frankismoa diktadura bat bezala azaltzen, baizik eta denbora bat bezala; denbora horretan kokatzen ditu dominak eta kale-izenak dituzten pertsonak, giza-eskubideen urraketekin lotu gabe.

Testu hau Arabako Alean argitaratutako elkarrizketaren zati bat da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia erabilita


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude