Duela bi urte eta erdi Gasteizko Udalak Mozal Legaren aurka agertu zen. Ordutik ordea 725 aldiz aplikatu du udalak legea, Hala Bedik argitaratu duenez.
2015eko uztailaren 31an argi adierazi zuen Gasteizko Udalak, udalbatzaren gehiengoak hala erabakita, ez zuela Mozal Legea onartuko. Bi urte eta erdiren ondoren balantzea egiten hasi eta orduko konpromiso hori haizeak eraman duela ikus daiteke. Onartzen ez duten lege hori, 725 aldiz aplikatu baitu udalak.
Mozal Legea indargabetzea eta lege horrek kaltetutakoak babestea erabaki zuen udalbatzak, 2015eko hartan. Hala Bedik zabaldu duen informazioaren arabera ordea, erabaki hori ez du bete Gorka Urtaran buru duen erakundeak. 2017ko abuztuaren 1ean esaterako, EAJ, PSE eta PPk, Mozal Legea ezarri zioten Hala Bediko kazetariaren aldeko adierazpen instituzionala atzera bota zuten. EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik eskatua zuten lege horren biktima guztiak babestu zitzala udalak.
Leku publikoetan drogak kontsumitzeagatik aplikatu dute Mozal Legea gehien, 626 aldiz. “Poliziarekiko errespeturik ez izateagatik” ere 52 isun jarri dituzte. 21 dira desobedientzia delitua ezarri dietenak. Mozal Legea aplikatu zaienen artean daude urrian Gasteizen antolatu zuten “Agur 78” kanpaldiko kideak ere. Ustez kanpaldi hau “antolatzeagatik” bederatzi kide gutxienez 90.000 euroko zigorra jasotzeko arriskuan daude.