argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Udala jarrera arrazistak sustatzen ari dela salatu dute
  • Udalak ostegunean argirik eta urik gabe utzi zituen Olarizuko bizilagunak babestu dituzte hainbat eragile sozialek. Olarizuko etxe okupatuetan pertsona migratuak, errefuxiatuak eta baztertuak bizi dira.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 09a
Agerraldiak pentsionisten mobilizazioaren amaierarekin bat egin dut. Argazkia: Halabedi.eus

Ongi Etorri Errefuxiatuak, Kaleratzeak Stop, Elkartzen, Gasteizko Arrazakeriaren Aurkako Plataforma, Herrien Kongresua, Errekaleor Bizirik edo Eskubide Sozialen Aldeko Plataforma eragileek agerraldia egin dute Gasteizko Udaletxearen aurrean, Olarizuko etxe okupatuetako hainbat bizilagun ondoan zituztela. Ostegunetik urik eta argirik gabe daude Olarizuko etxebizitzak, udalaren ekimenez.

Eragileen irudiko, mozketa “udalaren presio neurria da etxebizitzen hustuketa lortzeko”. Urtaranen gobernuaren asmoa Olarizuko etxe okupatuak eraistea da, aurretik adierazi izan duenez. 21 Zabalgunea udal hirigintzarako sozietatea da etxebizitzen jabea, desjabetze prozesua burutu ostean.

Agerraldian Olarizuko bizilagunei babesa adierazi diete: “Udalaren utzikeriaren aurrean, okupatu dituzten etxebizitzak moldatzen joan dira eurentzako eta euren seme-alabentzako bizigarriak izan daitezen”. 30 adingabe inguru bizi dira etxe okupatuetan. Pertsona horien aurka egiten duen bitartean udaletxeak 451 etxebizitza hutsik mantentzen dituela eta oinarrizko zerbitzu sozialak “gainezka” daudela ere kritikatu dute.

Jarrera arrazistak

Eragileek jakinarazi dutenez, inguruko hainbat bizilagun udalari presioa egiten ari dira etxe okupatuak eraitsi ditzaten: “Batzuek txalotu egiten dute pertsona horiei ura eta argia mozten dietenean”. Jarrera “arrazistak” direla salatu, eta Gorka Urtararen gobernua horiek elikatzen ari dela adierazi dute.