Gasteizko Udaleko talde politiko guztien ordezkariek hartu dute parte gaur eguerdian Fernando Buesa eta Jorge Diazen omenez antolatutako ekitaldian.
ETAk hil zitueneko hamaseigarren urteurrena bete da astelehen honetan eta biktimei eta senideei elkartasuna adierazteko, omenaldia egin dute Askatasunaren Lorategietan (Nieves Cano eta Agirre Miramon kaleen artean)..
Udalak bat egin du Fernando Buesa Blanco fundazioak antolatutako ekitaldiekin, familiek berek eskatuta. Horrexegatik ez du berariazko ekitaldirik antolatu 1960tik 2010era bitartean Gasteizen indarkeria terroristaren eta giza eskubideen urraketaren biktima izan ziren 42 pertsonen heriotzaren urteurrenak betetzen direnean haiek gogoratzeko ekimenaren barruan.
Alkateak adierazi duenez, “hildako biktimei omenaldia egitea memoria historikoa, oroimena eta erreparazioa gauzatzea da”.
[Albiste honen jatorrizko bertsioa Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]