argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko sorosle eta begiraleek greba utzi dute
  • Udalarekin gutxieneko akordioetara heldu ondoren hartu dute erabakia kirol jardueretako langileek. Konpromisoak bete ezean irailaren 1ean greba orokorra hasiko dute. Abuztuaren 10etik lanuzte partzialak ari ziren egiten egunero.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 20a
Azken hamar egunotan mobilizazio ugari egin dute kirol jardueretako Gasteizko langileek. Argazkia: @act_sos.

Langileen asanbladak hartu du erabakia, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek ohar bateratuan jakinarazi dutenez, “Kirol Sailarekin gutxieneko konpromiso batzuk lortu ondoren”, eta udalak zerbitzuko ardura duten enpresekin bitartekaritza lana egingo duela agindu ostean. Langileen esanetan, Gasteizko Udalak konpromisoa hartu du esleipenetara aurkezten diren enpresei segurtasun neurriak betetzera derrigortzera, eta enpresa horiei errefortzuetako langileei aldaketak dagokion denbora epean jakinaraztera ere. Kirol jarduerei dagokienez, udalak onartu du programazioaren inguruko ekarpenak jasotzea, “ahalik eta ikastaro gutxien galtzeko”, eta osasun krisia amaitzean ohiko programazioa berrartzera.

Gatazka ez dago itxia

Sindikatuek ohartarazpena egin dute: “Honek ez du esan nahi gatazka amaitu denik,are gutxiago arazoak konpondu direnik”. Lanuzteak gelditzeko erabakia “borondate oneko” keinu bezala azaldu dute, baina iragarri dute udalak konpromisoak bete ezean irailaren 1etik aurrera greba orokorra abiatuko dutela. Abuztuaren 10ean hasi zituzten langileek lau orduko eguneroko lanuzte partzialak, eta horien ondorioz itxita egon dira egunero milaka pertsona hartzen dituzten Gamarra eta Mendizorrotzako igerilekuak, besteak beste. Lan baldintza “duinen” alde eta sektorearen prekarizazioan” aurka hasi zituzten protestak.