argia.eus
INPRIMATU
Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen
  • Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi antolakundeen arabera, hainbat lagun zauritu, hamar identifikatu eta lau atxilotu dituzte. Gaua polizia etxean igaro ostean, lau atxilotuak aske utzi dituzte ostegun goizean. Gertatua salatzeko, Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek elkarretaratzea deitu dute ostegun arratsaldean.  

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 24a
Ertzainak Gasteizko GKSko eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideen aurka oldartu den unea, Andre Maria Zuriaren plazan. Gedar Langile Kazeta

Bosgarren urtez Gasteizko jaietako txosnetatik kanpo utzi dituztela salatu zuten GKS Gazte Koordinadora Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak joan den astean. Urtean zehar "egoera gainditzeko" hainbat proposamen mahai gaineratu badituzte eta "beto politikoaren" aurka eragile gehiago batu badira ere, ezker abertzaleak "irtenbidearen aurkako jarrera" mantendu duela gaitzetsi zuten bi antolakundeek. Horren aurrean, GKSko eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza hartu dute asteazken arratsaldean, bertan "jaietan parte hartzeko debekuaren aurka" kanpaldia egiteko.

Kanpaldiari ekin eta gutxira plazan ertzainak eta udaltzainak agertzen hasi dira, eta 20:30ak aldera, J Martina taldea kontzertu bat ematear zela, Ertzaintza oldartu eta eta borrekin kolpeka hustu du plaza. Bi antolakundeek salatu dute Poliziak "gogor kargatu" duela euren kideen aurka, eta hainbat lagun zauritu, hamar identifikatu eta lau atxilotu dituztela. Gaua polizia etxean igaro ostean, ostegun goizean aske utzi dituzte lau atxilotuak. Epaiketaren zain utzi dituzte, "desordena publikoak" eta "agenteen aurkako atentatua" leporatzen baitizkie Ertzaintzak. 

Gedar Langile Kazetak zabaldutako bideoetan ikus daiteke nola ertzainek borrekin hanketan jo dituzten kanpaldia egiten ari ziren gazteak, baita plaza hustean nola ibili diren euren atzetik korrika. Une horretan atxilotu dituzte hainbat gazte, ertzainek eta kalez jantzitako hainbat polizik lurrean atxiki edukita eta belaunak euren gainean jarrita. Gasteizko Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziak (EAJ) sare sozialetan adierazi du gertakaria "lotsagarria" izan dela, eta kanpaldian zeudenak Ertzaintza eta Udaltzaingoa "iraindu" eta agente bat zauritu dutela. Segurtasun Sailaren arabera, zenbait pertsonak objektuak bota dituzte polizien aurka eta segurtasun hesia gainditu dute, eta orduan oldartu da Ertzaintza. Istiluetan sei ertzain eta udaltzain bat zauritu direla ziurtatu du sailak.

Elkarretaratzea ostegun arratsaldean

Jasandako errepresio poliziala salatzeko, elkarretaratzea deitu dute Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: ostegun arratsaldean izango da, 18:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan, Errepresio polizialari ez! Protesta eskubidea bermatu leloarekin. Horrez gain, baimenik eduki ez arren, jaietan zehar txosnagunea muntatuko dutela iragarri dute, hain zuzen, abuztuaren 4an eta 5ean, Letren Fakultatearen aurrean. Musika talde ugarik emango dituzte kontzertuak bi egun horietan: esaterako, Mutiko, Sedientos de Cumbia, Kiliki, Malakias Mx3, Rodeo eta Zero taldeek.