Gasteizko Errota auzoko meskitaren atean Islamaren aurkako pintaketak agertu ziren pasa den astelehenean. Lehenago ere izan dira antzeko erasoak Arabako hiriburuan. Martxoan, esaterako, Zabalgana auzoan irekitzekoa zen meskitaren kontrako gutun arrazistak banatu zituzten ezezagun batzuek, eta astebete beranduago txerri haragia eta odola bota zituzten lonja horretara.
Errota auzoko meskitaren atean ikur neonaziak eta gaztelaniaz idatzitako hainbat pintada azaldu dira, Alah Satan da, Kristo errege eta Hiltzaile parasitoak mezuekin.
Auzokideen babesa
Errota Zaharra Auzo Elkarteak eta Errota Anitza taldeak komunitate musulmanari elkartasuna adierazi diete eta gogor salatu dituzte auzokideen arteko "konfrontazioa" bultzatzen dituzten ekintzak: "Gure auzoa kultur ezberdinen arteko bizikidetza eredua da; hortaz, errespetua eta horrenbeste aberasten gaituen aniztasunaren aldeko apostua berretsi nahi dugu", adierazi dute ohar baten bidez.