argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko lorezainek greban jarraituko dute sindikatuek Jaurlaritzaren proposamenari uko egin eta gero
  • ELA, LAB eta ESKk Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren proposamena errefusatu dute, nahikoa ez dela arrazoituta. 100 egun baino gehiago daramate lorezainek greban.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 10
Gasteizko lorezainen manifestazioa. LAB sindikatua

Blokeo egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Enviser enpresaren eta langileen arteko bitartekaritza lanak egingo zituela iragarri zuen. Astelehenean negoziazioak hasi ziren, baina bi egunetara blokeatuta daude beste behin ere. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak proposamen bat landu zuen, eta Enviser enpresako zuzendaritzari eta sindikatuei bidali zien. Sindikatuek aurreikusita zeukaten langileek bozkatzea proposamena, baina azkenean erabaki dute bozkatu gabe zuzenean uko egitea.

Sindikatuen arabera hainbat aurrerapen zituen Jaurlaritzaren proposamenak, baina soldataren inguruko baldintzak ez dira nahikoak. Hiru sindikatuen aldarrikapenetatik oso urrun geratzen da proposamena, Jabier Sáenz, ESKko ordezkariaren hitzetan, "2028ra arte ez baititu baldintzak hobetzen". Grebak aurrera jarraituko du, "langileen beharretara egokitzen den proposamena agertu arte".

Sindikatuek negoziazioetarako prestutasuna adierazi dute, eta langileek hurrengo egunetan erabakiko dute zein izango den epe motzean hartuko duten estrategia. Jaurlaritzak bere partetik ez du bestelako proposamenik aurkeztuko.