Ohiturari jarraituta, astelehenean Olarizuko zelaietan agurtu dute uda gasteiztarrek. Aurtengoa, ordea, desberdina izan da, egunak argitu duenetik presente izan baitira lorezainen aldarrikapenak, greba hasi zutenetik ia urte erdia bete denean.
Astelehena baino lehenagotik markatua zuen Olarizuko erromeria lorezainen grebak, batez ere Gasteizko Udalak zelaia berdintzeko pasa den astean abiatutako lanak direla-eta. Udalak kontratatutako kanpoko langile batzuk aritu ziren hilabeteetan moztu gabeko zelaia txukuntzen, traktore batekin, Udaltzaingoak babestuta, greban diren lorezainen protesta artean. Udalak adierazi zuen zelaia berdintzea gutxieneko zerbitzuen dekretuan dagoela jasota, ez, ordea, Enviser enpresarekin sinaturik duen kontratuan. Hain justu, enpresako langileek Olarizun hasitako lanak "legez kanpokoak" zirela salatu zuten eta, ostean, Lan Ikuskaritzak belardia txukuntzeko jarduera eteteko agindu zuen.
Gauzak horrela, astelehenak argitu duenerako Olarizuko gurutzea eusten duen harrian Lorezainak borrokan! aldarria zegoen margotuta, eta udal korporazioak Gasteizko mugarrietan egindako ibilaldian –udaltzain askoren zaintzapean– lorezainen aldarriak entzun dira etengabe. Halaber, iluntzean, lorezainak Esmaltaciones inguruko biribilgunean bildu dira, udal ordezkariak Olarizutik itzuli zain. Grebalariek hala eskatuta, ostegunean bilera izango da Precon, lan gatazkak konpontzeko organoan, aurrekoa egin zenetik hilabete eta erdi pasa denean.
Bien bitartean lorezainek hasitako grebak sei hilabete beteko ditu aurki, eta ez dirudi Gasteizko lorategiak eta Eraztun Berdea kudeatzen dituen Enviser enpresarekin akordioa berehalakoan lortuko dutenik. Denbora honetan guztian ia 8.000 sinadura bildu dituzte Gasteizko lorezainek, udalari konponbide bat exijitzeko, Gedar kazetak jakinarazi duenez.