argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko lorezainek manifestaziora deitu dute, astelehenean greban bi hilabete bete dituztenean
  • Manifestazioa astelehenean, maiatzak 26, izango da 18:30ean Gasteizko Plaza Berritik. ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako manifestazioan eskatuko dute grebari hasiera eman zion hitzarmen propioa lortzea.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 26a
Maiatzaren 22an egindako manifestazioa. LAB

Sindikatuek salatu dute lorezain askok ez dutela jasotzen Lanbide arteko Gutxieneko Soldata beste. Gainera, deitoratu dute beste esparru batzuetan dauden baina lan berbera egiten duten udaleko beste langile batzuek baino 10.000 euro gutxiago kobratzen dutela, nahiz eta urtean horiek baino 100 ordu gehiago lan egiten dituzten. "Egoera hori udal-gobernuek sustatutako azpikontratazio-sistema nazkagarriaren ondorioa da", azpimarratu dute sindikatuek. Izan ere, Enviser enpresa arduratzen da Gasteizko lorategi publikoen mantenuaz; gainera, Enviserren jabea, AEBko inbertsio funts baten jabea ere da.

Greba hasi zenetik enpresa "soilik" hiru aldiz batzartu da langileekin, sindikatuek salatu dutenez, azkenengo batzarrean 43 euroko igoera "barregarria" proposatu zuen. Udalak, bestetik, batzordearekin biltzeko 42 egun behar izan dituela jakinarazi dute eta hori langileek udalbatzan egindako eskaeraren ondoren egin zela. Bigarren bilera hortik egun gutxira egin zuten, baina ezagutarazi dute udalak "ezer gutxi" egin dezakeela esan duela. Gogoratu dute "haiek sustatutako pribatizazio- eta azpikontratazio-politikak" direla, eta zera deitoratu: "Enpresak udalak baino botere handiagoa al du gatazka honetan?".

Manifestaziorako deia 

Greba hasi zutenetik bi hilabete pasa direnez, astelehenean, maiatzaren 26an, 18:30ean Gasteizko Plaza Berritik Enviserreko langile batzordeak deitutako mobilizaziora batzeko eskatu dute sindikatuek. Azpimarratu dute Gasteizko herritarrek ez dutela merezi "beren parke eta lorategien egoera okertzen jarraitzea, azpikontrataren eta udalaren gelditasuna dela eta". Mahai gaineratu dute mobilizazioek sortuko dutela egoeraren arduradunengan presioa eta aldarrikatu dute gatazkaren soluzioa etorriko dela "lan-baldintza duinak eta soldata nahikoak bermatuko dituen hitzarmen kolektiboa batetik pasatzen lortuta.