Gasteizko lorezainen grebak lau hilabete bete ditu, langileek salatu dute Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak blokeatu dutela auzia, bilera berririk ez dutelako egin uztailaren 7tik.
Duela hiru aste, grebak 100 egun bete zituenean, Eusko Jaurlaritza bitartekaritza lanak egitera sartu zen. Azken bilera horretatik ateratako proposamena ez zen nahikoa sindikatuen ustez. "Hainbat aurrerapen" zituela, baina soldatari begira bermerik ez zegoela adierazi zuten sindikatuek. Horren aurrean, greban jarraituko zutela iragarri zuten, eta blokeo egoeran sartu ziren negoziazioak beste behin.
Astelehenean lorezainek protesta egin dute Eusko Jaurlaritzaren eta Enviser enpresaren aurrean negoziazioen "interes falta" salatzeko. ELA, LAB eta ESK sindikatuek auzia "bahitu" dutela esan dute bilera berririk ez delako egon, udalaren eta enpresaren "immobilismoa" salatu dute, eta, "langileak uneoro prest azaldu direla hitzarmen kolektiboa negoziatzeko, berme eta edukiekin", adierazi dute.
Egutegian ez dutela negoziazioekin lotutako data zehazturik aipatu dute, eta beraz mobilizazioekin jarraituko dute. Hitzarmen propioa eskatzen jarraituko dute, eta neurrigabeko zerbitzu minimoak inposatzen dizkietela salatu dute.