argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko lorezainek grebarako eskubidea aldarrikatu dute hiriko hainbat iturri berdez tindatuz
  • ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen eta mantentzen dugunon lan-prekaritatea" ezkutatzen dela salatuz.

Hala Bedi @halabedi 2025eko ekainaren 25

Gasteizko lorezainek aldarrikatu dute «marra gorriak» dituztela eta ez dutela «onartuko horiek gainditzea». Greba mugagabearen erdian, «Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko gobernu-taldeak gutxieneko zerbitzuak inposatzeak langileen aurka egiten duen erasoaren aurrean, lorezainek geure hitzarmena eta lan-baldintza duinak» lortzeko borrokarekin jarraitzen dutela erakutsi nahi izan dute astelehen goizeko ekintzarekin.

Greba arrakastatsu honen dinamika haustekogobernu buruen ahaleginen aurrean, lorezainek ez dutela etsiko argi utzi dute, «nahiz eta batzuk eta besteak higatzen saiatu; soldata baxuak dituzten azpikontratazio-politika horiekin hausteko prest gaude». Greba honen bitartez, lorezainek agerian utzi dituzte lan-prekaritatean oinarritzen diren, eta «diru publikoa paradisu fiskaletara eramaten duten multinazional handien alde» egiten duten pribatizazio-politikak.

Gasteizko udalak hiria nazioartean saltzeko erabili duen «Green Capital» etiketaren atzean dagoen biolentzia guztia salatu dute baita ere lorezainek, «errealitatea zera da: Green Capital-a lan-indarkeria dela».

ESK eta LAB sindikatuek zabaldutako prentsa-oharrean agintariei mezu bat helarazi nahi izan diete: «Artolazabal andrea, Espazio Publiko eta Auzoetako Sailaren buru, ez da gai onartzeko PSEk eta EAJk osatutako gobernu-taldea patronala direla, eta edozein lan-gatazka borondate politikoarekin konpontzen dela, grebarako eskubideari erasorik egin gabe».

Zerbitzu minimoetan lan egitera behartuta dauden lagunei elkartasuna erakutsi diete: «Besarkada bat eta indar handia bidaltzen diegu». Oharra Gasteizko hiriari eskerrak emanez bukatu dute «emandako laguntza eta ulermenagatik».