argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko laborategi pribatu batek koronabirus testak egiten ditu 118 eurotan
  • Mediku kolegiatu batek sinatutako eskaera da laborategiak testa egiteko eskatzen duen bakarra, Eldiario.es-ek argitaratu duenez. "Ez dut horrelako praktiken berririk", adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 26a
Urkullu eta Murga Osakidetzako laborategi batzuetan, asteartean. Argazkia: Eldiarionorte.es.

“Gasteizko zentroko laborategi pribatu batek koronabirusaren PCR testa egiten die partikularrei, enpresei, kirol-klubei eta baita Osakidetzak bigarren baieztapen-proba bat ukatu eta alta eman nahi dien pazienteei ere”, dio Iker Rioja kazetariak sinaturiko berriak. Testa egiteko baldintza bakarra profesional kolegiatu baten sinadura da, eta emaitzak 24 edo 40 ordutan ematen ditu laborategiak.

Larunbatean, agerraldi telematiko batean, testak modu horretan egiten dituzten laborategi pribaturik ote dagoen galdetu zioten Osasun sailburu Murgari: "Ez dut horrelako praktiken berririk", erantzun zuen. Publikoa da osasun krisiaren hasieran Alaves edo Baskonia kirol enpresek haien jokalari eta langileentzako test pribatuak kontratatu zituztela.

Osasun pribatua, publikoaren esanetara?

Martxoaren 14an alarma egoera ezarri zenean, Espainiako Gobernuak osasun pribatuaren bitartekoak publikoaren mesedetan jartzeko eskumena hartu zuen. Murgak agindu bat sinatu zuen ostiralean, zentro pribatuak behartzen dituena beren errekurtsoen berri ematera eta Osakidetzaren eta Osasun Ministerioaren irizpideak jarraitzera. Aginduak testaren prezioak ezartzeko aukera ematen dio administrazioari, eta isunak ezartzeko aukera aurreikusten du.