argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko kirol jardueretako langileek bertan behera utzi dute greba
  • Akordiorik gabe utzi dute irailaren 1ean abiatutako greba mugagabea. Udaletxean “horma” bat aurkitu dutela salatu eta borroka ez dela amaitu iragarri dute. Artiumeko langileek ostiralean iragarri zuten aurreakordio baten ondorioz greba utziko zutela, baina astelehenean adierazi dute akordioa ez dela gauzatu eta greba amaitzeko baldintzarik ez dagoela.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 14a
Kirol arloko langileen mobilizazio bat. Argazkia: alea.eus.

Ostiralean asanbladan erabaki zuten langileek greba amaitzea, CCOO, LAB eta ELA sindikatuek jakinarazi dutenez. Akordiorik gabe lanera bueltatzeagatik, egindako bidearen balorazio positiboa egin dute sindikatuek, bai jarraipenagatik –%90era heldu dena–, bai lan arloko azpisektoreak “batu eta antolatzea” lortu delako.

Sindikatuak gogor mintzatu dira Gasteizko Udalaren eta alkatearen aurka. Gorka Urtaranek paper “penagarria” bete duela salatu dute: "Hartutako konpromisoak ez ditu bete, erakunde erabat iragazgaitza bihurtu da, eta, gainera, mespretxuz tratatu gaitu adierazpen guztiz klasistekin". Aurrean “horma” bat izan dutela azaldu dute, eta "haren kontrako kolpe gehiagorik ez ematea" erabaki dutela. Enpresak ere kritikatu dituzte: “Zerbitzu publiko horiekin geratzeko asmoz, prezioak botatzen baitituzte, eta horrek ez die aukerarik ematen langileentzako gutxieneko baldintza duinak negoziatzeko”.

Eskaintza "pobreagoa"

Lan baldintzen eta kirol eskaintza munizipalaren inguruko hainbat eskakizun borrokatu dituzte asteotan kirol arloko langileek, eta akordiorik gabe amaitu da greba. Horren ondorioz, “kirol instalazioak erabiltzen dituzten gasteiztarrek eskaintza pobreagoa” dutela ziurtatu dute langileen ordezkariek. Lortu dute, ordea, kaleratutako langilea berriz ere onartzeko konpromisoa enpresen aldetik.

Artium museoko grebaren amaiera ezbaian

Artium museoko arreta zerbitzuko langileek ostiralean iragarri zuten abiatutako greba bertan behera uzten zutela. Aldundiko Kulturako diputatu eta Artium Museo Zentroko lehendakariorde Ana del Valekin aurreakordio bat lortu ostean. Bisitarien arreta zerbitzua esleitzeko baldintza agiri berria egiteko langileen iritzia kontuan hartzeko konpromisoa hartzen zuen zuzendaritzak, eta langileek greba mugagabea bertan behera uztekoa. Prentsaurrekoan bertan ohartarazi zuten aurreakordioa gauzatu ezean grebara bueltatuko zirela.

Astelehenean, langileek Twitter bidez eman dute egoeraren berri: “Azpimarratu nahi dugu oraindik Aldundiak eta Museoak ez dutela greba amaierako akordioa sinatu”. Zuzendaritzarekin biltzeko prestutasuna agertu dute langileek, “baina oraindik greba deialdia bertan behera uzteko baldintzak ez dira betetzen”, adierazi dute.