GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako kontakizunak ere "gezurtatu" dituzte baita eragileek.
Aurreko asteazkenean txosnen beto politikoaren aurkako kanpaldian gertatutakoaren harira, prentsaurrekoa egin zuten ostegunean Andra Mari Zuriaren plazan GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jasandako errepresio polizialaren aurka, eta protestarako eskubidea bermatzearen alde. Bi bozeramaileek "argi eta garbi" esan zuten "giro lasaian" egiten ari ziren ekimen baten aurka kargatu zuela Poliziak. Bortizkeria salatu eta gaitzesteko kontzentrazioa egin zuten hurrengo egunean lekuan bertan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Poliziak eta Segurtasun Sailak "kontakizun faltsua" zabaldu dutela salatu dute bi eragileek. EAJ, PSE eta PPk GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren kanpalekua "biolentoa eta antidemokratikoa" izan zela adierazi zuten sinatutako irakurketa bateratuan. Maider Etxebarria alkateak (PSE-EE) asteazkeneko kanpaldia gaitzetsi zuen eta eskerrak eman Udaltzaingo eta Ertzainei haien lanagatik. Kargetan, zazpi polizia zauritu zirela esan zuen udalak. Bi eragileetako bozeramaileen esanetan, gertatutakoaren testigu diren hamarnaka bideoek argi erakusten dute "protesta baketsu bat modu bortitzean erreprimitu zutela" ertzain eta udaltzaingoek.
"Gasteizko Txosnetan jasaten dugun beto politikoa ikusaraztea eta, beste behin, egoera honi irtenbide bat bilatzea eskatzea" izan zen asteazken iluntzeko kanpaldiaren helburua. Hasieratik "presentzia poliziala handia" izan zela adierazi zuten hurrengo eguneko prentsaurrekoan. Arratsaldea aurrera joan ahala, ehunka lagun hurbildu ziren plazara, "horietako asko adin txikikoak". Poliziak orduan, plaza inguratu eta perimetroa itxi zuela kontatu zuten bozeramaileek, "jende askok perimetrotik atera nahi zuen baina Poliziak ez zien utzi".
Kargak "inolako abisurik gabe" hasi zirela adierazi zuten GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, "norabide guztietan hasi zen kargatzen ertzaintza: protestan ari ginenon aurka, kazetarien aurka, kontzertua ikustera gerturatu zirenen aurka, eta baita, kaletik zebilen jendearen aurka ere". Poliziek "lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu" eragin zituztela adierazi zuten eragileek. Baita kazetari bat jipoitu ere.
Mugimendu sozialistatik, jasandako errepresio poliziala ez dute "kasu isolatutzat hartzen". Bai atzo gertatutakoa, bai Etxarri Gaztetxeko desalojoan larriki zauritutako gaztearen kasua,baita Azpeitian «ACAB» errotuladorez marrazteagatik gazte batek jasandako zigorra, "bizi dugun autoritarismoaren eta erreakzioaren gorakadarekin" lotu dute.
Protestaren jatorrira itzulita, azkenik, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak txosnetan egoteko eskubidea dutela aldarrikatu dute, eta elkarrizketei hasiera emateko deia luzatu diote Gasteizko Txosna Batzordeari, konponbide bat aurkitzeko "prestutasun osoa" dutela adieraziz.