argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Judimendi auzoko jaiek aurrera jarraituko dute, Udalak jo-puntuan jarri ostean
  • Gasteizko Judimendi auzoak jaien egitarauarekin jarraitzea erabaki du. Gutxienez txosna-guneari dagokionez, ekainaren 21etik 23ra zabalik egongo direla jakinarazi dute.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko ekainaren 20a
Judimendiko jaien kartela (Argazkia: Judimendiko GA)

Astearen hasieran hainbat hedabidek berri ematen zuten aurtengo Judimendiko jaietan auzoko presoen aldeko omenaldi bat egongo zela, hauen egoera salatuz. Urtaranek ere bere sare sozialen bitartez informazio hori zabaldu zuen. Baina jaien egitarauan ez da omenaldirik aipatzen, kalejira bat baizik, ekainaren 23an.

Alkateak auzoko bizilagunen aldizkaria, Judimendikoak, kritikatu du, esanez artikulu bat idatzi dutela preso dauden pertsonen militantziaren historia kontatzen. Aldizkariak adierazi du artikulu hori presoen inguruko talde batek idatzi duela.

Astearte goizean Judimendiko jaiak eta aipatutako kalejira Fiskaltzaren esku jarri dituela adierazi zuen Urtaranek. Gainera Ser irratian emandako elkarrizketan adierazi du “jaien aurkako espediente bat ireki” duela diru-laguntza kentzeko. 1976tik lehenengo aldia litzateke Judimendiko jairik gabe.