Asteazken goizean agertu da Ertzaintza, eta etxea hutsik eta itxita dago dagoeneko. Fincas Armentia higiezinen enpresaren aginduz bota dituzte bizilagunak.
Gasteizko Juan II. kaleko 1. eraikinean dagoen Juani etxe okupatuaren lehen solairuko bizilagunak etxetik bota ditu Ertzaintzak asteazken goizean. Hala Bedik jakinarazi duenez, otsailaren 28rako zegoen iragarrita etxegabetzea, baina egun horretan ez zuten egin. Asteazkenerako eman zuten bigarren agindua.
9:30ak aldera hasi dira sarrailagileak eta ertzainak eraikinera sartzen saiatzen. Ordubeteren ostean lortu dute portaleko atea botatzea eta eskaileretan zegoen guztia atera ostean igo dira lehen solairura.
Dagoeneko bost urte baino gehiago daramatza eraikinak okupatuta, eta solairu bakoitzak jabe bana duenez ez daude egoera berean. Lehen solairuaren jabetza Fincas Armentia higiezinen enpresarena da, eta jarritako salaketaren ondorioz hustu dute.
Hala Bedik jaso duenez, eraikinerako sarrera nagusia aterik gabe eta lehen solairukoa horma batez itxita utzi dute ertzainek. Kanpoan babesa adieraztera ere agertu da jendea, eta haietako bi identifikatu ditu Poliziak.
Hala Bediren bideoa: