argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Heraclio Fournier lantegiko naiperak: lan baldintza duinak jokoan
  • Naipes Heraclio Fournierreko langileek beste greba egun bat egingo dute azaroaren 25ean, laugarrena, enpresaren azken proposamena ez zaielako nahikoa iruditu "langileen lan-baldintza eskasak" hobetzeko.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 24a
Eusko Legebiltzar aurrean elkarretaratzea (argazkia: ELA)

Asteazkenean Eusko Legebiltzarraren atarian elkarretaratu ziren Gasteizko Heraclio Fournier naipe fabrikako langileak, lan baldintza duinak aldarrikatu eta talde politikoei euren egoeraren berri emateko.

Hirugarrenez greba egin zuten kartagile edo naiperek, eta ostiralean, azaroaren 25ean, beste greba egun bat dute, enpresarekin hitzarmena lortzeko bidean. Egun horretarako Arabako Batzar Nagusien aurrean ere beste elkarretaratze bat egingo dute. Helburua: "Langileen pobretze prozesua gelditzeko eskatzea".

Heraclio Founierren lanean diharduten 60 naiperak urriaz geroztik lanuzteak egiten ari dira LABek eta ELAk deituta, besteak beste euren soldata KPIaren arabera igotzea eskatzeko: "KPIaren igoerarik gabeko hitzarmen bat, batekorik gabeko karta-sorta bezalakoa da", diote. Sindikatuen arabera greba egunen jarraipena %90ekoa izaten ari da".

Enpresa historikoa da Gasteizkoa, gaur egun Cartamundi multinazionalaren esku dago eta zuzendaritzak ez ditu inolaz ere eskakizun horiek onartu orain arte.