argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza Sindikatuak salatu du 70.000 euroko isuna jarri dietela etxegabetze bat oztopatzen saiatzeagatik
  • Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak jarri dizkiete isunak Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kideei, egotzita ez zituztela bete pandemian ezarritako neurriak 2021eko urtarrilean, hamabost lagunen etxegabetze bati aurre egiten ari zirenean. “Jazarpena” salatu dute eta elkartasunerako deia egin: diru-bilketa abiatu dute isunak ordaindu ahal izateko.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 25

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kideek irmoki salatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak euren aurka ezarritako zigorra; guztira 70.000 euroko isunak ezarri dizkiete, 2021eko urtarrilean etxegabetze bat geldiarazteko protestan ari zirela pandemiari lotutako zenbati arau haustea leporatuta. Salatu dute mozal legea eta pandemia garaiko salbuespen legeak baliatu dituztela horretarako, eta konfinamendu perimetrala eta distantziak ez errespetatzeagatik zigortu dituztela, besteak beste.

“Argi dugu protesta horretan parte hartu genuenon aurkako neurria izateaz gain, aurrerantzean antzeko salaketak egin asmo dituen ororentzako mezua ere badela”, argitu dute ohar batean. Jaurlaritzari eta Udalari egotzi diete “mugimendu oso bat ekonomikoki itotzeko saiakera” egin izana. Horregatik, nabarmendu dute “klase elkartasuna hedatzeko unea” dela, eta dei egin dute isunak ordaintzeko ekarpenak egitera. Diru-bilketa abiatu dute, eta kontu korronte bat ahalbidetu dute horretarako.